LITERATURA

Urrezko biblioteka potoloagoa

Elkar argitaletxeak Urrezko Bibliotekaren barruan, Giorgio Bassaniren Finzi-Continitarren lorategia eta Laurence Sterneren Bidaia Sentimentala Frantzia eta Italian zehar izeneko obrak kaleratu ditu.

Finzi-Continitarrek, Ferrarako juduen arteko familia aberatsenak, halako lilura bat sortzen diote nobelako protagonista eta narratzaile gazteari: ez bakarrik haien etxe erraldoiagatik, bizimodu isolatuagatik, kultura zabalagatik, jarrera aristokratikoagatik; horrez gain, lagun egin nahi lituzke familiako seme-alabak: adinkide duen Alberto eta, batez ere, haren arreba Micòl, eder bezain urruna. Mussolinik, Hitlerrengana hurbiltzeko, Italiako juduen kontra ezarritako lege arrazialek sortuko dute ustekabeko aukera: hiriko tenis elkartean jokatzea debekatua dutela-eta, beren lorategiko tenis-zelaira gonbidatzen dituzte Finzi-Continitarrek komunitateko kideak. Kontalaria eta Micòl adiskide min bihurtuko dira, amodio mindu eta mingarri bat ere sortuko da bietako batengan, baina lotsak, diferentzia sozialak ala patu historikoak ezinezkoa egingo dute harremana. Dotorezia eta sentiberatasuna darizkion eleberri miresgarria dugu hau, betiko joandako garai baten malenkoniaz eta historiaren krudelak suntsitutako lagunenganako elegia-doinuz idatzia.

Laurence Sterneren obran, Frantzian barrena dabilen Yorick bidaiari eta narratzaileak bidean topatzen dituen gizon (eta batez ere emakume) bereziak biltzen ditu. Bidaiari sentimentala bezain alderrai dabil haren gogoa, batetik bestera, eta izaera libre eta araugabe horren parekoa du idazkera ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button