LITERATURA

Txomin Peillenek “Minotauro” eleberria plazaratu du

Txomin Peillenek bere  hamargarren eleberria plazaratu du: Minotauro (Alberdania). Bertan, egileak erasoaren ondoren bere burua berreraiki eta munduan kokatu beharko duen emakumearen ikuspegia azaldu du. Baina istorio horren barruan, gutxitan tratatzen diren beste bi gai jorratzen dira: pedofilia eta intzestua.

XVI. mendeko Euskal Herrian gertatutako intzestu baten inguruan aritu da egilea, baina oraingo garaietara ekarrita. Irakurleak, horrenbestez, “nerabezaroren atarian dagoen neskatila baten bortxaketaren berri izango du, eta ezagutuko du neskatilak, bizipen lazgarri horren ondoren, bere nortasuna berreraikitzeko egin beharko duen bide zaila”.

Laura Mintegi idazleak eleberriaren hitzaurre egin du, eta bertan honakoa dio: emakumeek (eta are gutxiago neskek) ez dutela inolako babes instituzionalik (…) Babesgabetasuna erabatekoa da nobela garatzen den lurraldean (Hego Amerika), baina edozein lurraldetan mintza daiteke babes ezaz. Ez dago alde handirik iparralde, hegoalde, mendebalde edo ekialdean”.

Txomin Peillenek berak adierazi du lanaren nondik norakoa:  “Emakume sortzea zoritxar bat da herri askotan, munduko herri gehienetan. Besteak beste, aipatu behar da minuturo dagoela munduan emakume bat bortxatua dena. Liburuaren abiapuntuan dagoena zera da: aita batek bortxatzen duela 11 urteko neska bat, sei urtez bere ohekide, bere puta bihurtuz. Baina nik batez ere orrialde hauetara ekarri nahi nuena, hots, liburuaren gai nagusia da zer gertatuko zaion neska horri, nola garatuko den pertsona bezala, nola kokatuko den munduan, nola, adibidez, onartuko dituen gizonak…”.

Txomin Peillen Euskal kulturaren erreferentea da, eta obra zabal bat eman du argitara euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez (narrazioaren, olerkigintzaren eta saiakeraren alorrean, batez ere).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button