MUSIKA

Uranium Club, Telepath Boys eta Nuevo Catecismo Católico, Getariko Gaztetxean

Punk rock zaleek ezinbesteko hitzordua dute gaur, Getariko Gaztetxean, 22:00etatik aurrera. Agertokian, hiru talde izango dira: AEBetako Uranium club, “post-nuclear mongoloid punk”; Castelló aldeko Telepath Boys, “hardcore”, eta Donostiko Nuevo Catecismo Católico, “punk-rock legend”.

Minneapolis hiriko taldea da Uranium Club eta bere proposamenean umore ironikoa eta DEVO techo-punk taldearen zertzeladak nabaritzen dira. Hiru disko argitaratu dituzte estatubatuarrek, azkena iaz, LIVE! at Arci Taun!.

Telepath Boys, berriz, Shock Treatment eta Prototipes taldeetan aritutako musikarien egitasmoa da. Hardcore estilotik gertu dagoen abiadura handiko punk-rocka jotzen dute, Poison Idea edo Zeke taldeen antzera.

Nuevo Catecismo Católico, azkenik, ibilbide luzeko taldea da,  1993an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa.  Harrezkeroztik, zazpi disko gehiago plazaratu dituzte gipuzkoarrek. Oraintsu, 1996an kaleratutako Aún no habéis visto nada lanaren berrargitalpena merkaturatu du Castellóko No Tomorrow zigiluak.

Nuevo Catecismo Católico eta Telepath Boys, halaber, Barakaldoko El Tubo tabernan izango dira bihar, El Mendigo taldearekin batera, 21:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button