EZLEKUBAT

Urak dakarrena… urak daroa

Arratsaldez, Radio3 irratian, Ramón Trecet esatari gipuzkoarra laudorioka hasi zaio  europar musikari bati: haren inprobisatzeko gaitasun miragarriaz aritu da, tin wistle edo beste instrumentu tradizional batzuk jotzerakoan noraino iristeko gai den. Eta hori etorria hori, eta ze pena, zuzeneko saio horiek ez grabatua… unean-uneko altxor efimero horiek ez liratekeela hain alferrik galdu beharko. Trecetek orduan belarrian min eman dit: “Urik ederreneko iturria isurian libre uztea bezala da hori… itsasoratu arte, batere probetxurik gabeko jarioan”. “Ño”, pentsatu dut nire artean, “zikloa halaxe osatuko da, ba!”: lur-iturri-erreka-itsaso-hodei-euri-lur… eta naturari ez dio, bada, mesede txikia egingo itsasora garbi bueltatzen den ur eder horrek”. Baina gizakiaren onura eta Naturarena seko aldenduta daude orduan? Naturaren hondamendia eta geure galbidea ez behinik behin, horiek oso lotuta daude, nolatan ez dugun eskafandrekin Martera aldegiten.

Antzeko “perla”, edo okerragoa bota zuen behin Iñaki Gabilondok, bota bazuen… ta ez zait sekula ahaztuko: “Elurra ari du, baina ez behar den lekuan. Pirinioetako eskialekuak hutsik daude, eta Valencian ari du elurra”. Sutu nintzen Mediterraneoko desertizazioaz, golf zelai, Marinador, Terramitika eta Polarisworld-en txikizioaz, ur eskasiaz, itsasotik ur geza ateratzeko plantetan xahutu beharko den energiaz, gero berriro itsasora isuritako gatzez saturatuko diren kosta inguruneez… baina Gabilondok eskialekuak zuritzea nahi…,  eta Valenciako laranja laborarientzat bedeinkazioa izan elurra. Horiek komeriak. Etekina, probetxua atera behar guztiari. Baina auzokoaren probetxuak norberaren galera dakarrela ematen du.

Halaxe bueltatu naiz tin wistle-a aingeru-deabrutxoen gisara jotzen duen musikariaren inspiraziora, eta pentsatu dut hain iaioa bada bere estudioko saioak ere paregabeak izango direla. Halako eta halako tokitan gutxi batzuen aurrean egindako aldaera jenialak gainerakook sekula entzuterik izango ez ditugun arren,  musika beraren 50 bertsio inprobisatu grabatzea gehiegizkoa dela uste dut, industria nola dabilen jakinda gainera. Ez dut uste Trecet benetan horren eskean dabilenik, baina mistifikazioak esajeraziora darama. Askotan irratian kantu eder bat entzuteak horixe dakar zergatan…, esatariaren xaboi-adur aspergarria. Berdin Arte plastikoetan ere. Ez nau beraz batere harritzen artista batzuk euren lana azaltzerakoan isiltasuna nahiago izatea. Artelanarekin mintzo badira, zertan nekatu hitzez errepikatzen jadanik lanaz adierazitakoa? Beno, kazetari ilustreak haserretuko lirateke baina… eskatuko nieke bai, ea grabatuta daukaten alferrik galdutako iturriarena eta Valenciako elurrarena, lastima bailitzateke behin bakarrik aireratutako “perla” horiek ahanzturan ezabatzea.

Baina tira, puntako komunikatzaileek errealitatea eraldatzerainoko boterea omen dute, hala bedi, bestela hauek ze ilargitan bizi diren pentsatuko baikenuke. Behin entzun genuen: “Espero dezagun tratu txar matxistak laster gure gizartetik ezabatzea, esklabutza eta tortura gisako lakrak desagertu diren modura”. Hau ere, hitzez hitz, Gabilondok esana.

argazkilariaren webgunea


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button