ARTEA

Une musikal txiki zein ertain ahaztezinak

J. A. Areta Goñi argazkilariak Zu barik eztau izeneko erakusketa paratu du Zarauzko Photomuseumen otsailaren 23ra bitartean.

Argazkilaria Euskal Herriko kulturaren eta musika panoramaren eragile ezaguna da. Argazkigintzan jarduten du eta orain Zarautzen paratu ditu bere irudi potenteak Zu barik eztau proiektuarekin. Egilea “denbora luzez eta edozein garito ilunetan bertako zein atzerriko musikari, ikusle eta bere begirada erakarri izan duten pertsonak erretratatzen aritu izan da eta horretan jarraitzen du, zaratarik atera gabe eta inurrien gisa fin-fin lanean”.

Iker Barandiaran adituak gehiago ere san du: …“musika eta argazkilaritza pasioz bizi dituelako lortu du musika eszenaren paisajearen parte eta lekuko fidel izan: berari zor dizkiogu Euskal Herrian bizi izandako une musikal txiki zein ertain ahaztezin askoren esentzia jaso eta gorde izana. Pasioa bada, emaitzaz gain, egiteko modua ere. Eta hori begi bistan gelditzen da Juxeren lanarekin.
Kamera analogikoekin lan egiten du eta berak positibatzen ditu kopiak eskuz, prozesu kimikoa dela medio. Banan-banan, denbora luzatuz, bidean gozatuz, prozesu guztia kontrolatuz, horrela azken emaitza lortu arte.
Bere proiektu pertsonalena den honetan hamarkadatan ezagutu eta bidelagun (izan) dituen dozenaka lagun batu ditu eta 50eko hamarkada bukaerako Hasselblad 500c formatu ertaineko kamera analogikoa soinean hartuta erretratu bana egin die. Horiek guztiak errebelatu ditu, bere laborategian, argi gorria bide lagun bakarra izanik, banan-banan, mimo handiz.
Zu barik eztau izena jarri dio proiektuari, oreretarrak argazkilaritza eta kulturgintza bizi dituelako pertsonen arteko hartueman gisa. Ondorioz, erakusketa honekin nolabait eskerrak eman nahi dizkie bidelagun guztiei; eta bide batez horiekin guztiekin batera egindakoa zein oraindik egiteko dagoena ospatu nahi du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button