Nontzeberri

“Umorezko Bakarrizketa” programa, Bilboko auzoetan

Abenduko Kultur Gabonak programazioaren barruan, Santutxuko Udaltegiak umorezko bakarrizketa egitaraua jasoko du Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat etorrita. Hala, euskarazko eta gaztelaniazko saioak abenduaren 3, 10, 12, 17 eta 19an izango dira, 19:00etatik aurrera.

Gaur berton abiatuko da ekimena, Barry Manley umoregile irlandarraren eskutik, eta berak Euskal Herrian integratzeko eta bertara moldatzeko bere esperientzia pertsonala kontatuko dio publikoari Irlandar bat eta euskaldun, nola da posible? ikuskizunarekin.
Joseba Perez umoregilearen txanda hilaren 10ean izango da, eta Más cara que espalda aurkeztuko du. Ikuskizunean gehiegizko zoriona, seme-alaba bat mundura ekartzearen konplexutasuna edo neska choni batez maitemintzea bezalako kontuak haizatuko ditu.  Abenduaren 12ko bakarrizketaren protagonista Luismi Cómico izango da, El club de la comedia saioko ohiko umoregileetako bat. Munduan zehar egin dituen bidaietan bildu dituen milaka anekdotetan inspiratuta dagoen Colocado cabe bakarrizketa aurkeztuko du.
Abenduaren 17ko hitzorduan, Ane Labaka eta Beatriz Egizabal bikotearen Erradikalak ginen bakarrizketa oholtzaratuko da. B partaideen letra hauetan azaltzen da zertan den ikuskizuna: “Erradikalak zarete erraten digute. Eta nahi eta behar baino gutiago, pentsatzen dugu. Bi emakume elkartu gara eta maletak kontraesanez beteta dakartzagu, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko gara, umorez, erroetara ailegatu nahian”.
Hilaren 19an Maribel Salas aktore ospetsuaren txanda izango da, ¡No te lo vas a creer! lanarekin. Eta azkenik, abenduaren 26an,  Mirari Martiarenarekin eta Idoia Torregarairekin itxiko da zikloa. Bakean dagoena bakean utzi saioan euskara eta generoa gaiak umorea egiteko erabiliko dituzte.

Exit mobile version