LITERATURA

Udazkenerako literatura eskaintza sorta zabala Erein argitaletxearen eskutik

Durangoko azoka ate joka dugun honetan, hainbat nobedaderekin dator Erein Argitaletxea. Askotariko genero eta estiloren argitalpenekin dator gainera: nobela, saiakera, ipuinak, albumak, sukaldaritza liburu bat, sail berriak, ale berriak orain arteko sailetan, euskaraz, gaztelaniaz… haur, gazte zein helduen literaturan, gustu guztientzako  eskaintza sorta oparoa aukeran. Aurkezpenak Donostiako Udal Libututegian izango dira.

Batzuk dagoeneko  argitaratuak badaude ere, datozen egunotan beste lan batzuk argitaratzeko aurkezpen ekitaldiak iragarri ditu argitaletxeak. Era honetan, urriak 11, ostegunean,Udal liburutegiko Sotoan,  Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua  aurkeztuko da 11:00etan. Bere aitak bera baino hiru aldiz zaharragoa den gizon batekin ezkontzera behartutako Nojud neskatila yemendarraren errelato gordinaren oinarritutako kontakizuna da. Protagonistak,  2008ko azaroaren 10ean, Urteko Emakumearen saria jaso zuen, New Yorken, Glamour amerikar aldizkariaren eskutik.

Urriak 16, asteartean eta leku eta ordu berean,  Joanes Urkixoren Ekaitza urrun aurkeztuko da,1936k gerraren testuinguruan, Euskal Herria erdibitu zeneko narrazioa. Eta asteazkena urriak 17an, 12:00etan, Udal liburutegiko Sotoan ere, bi lan izango dira ezagutzera emango dituztenak. Fleur Jaeggy idazle suitzarraren  Proleterka bata, Miren Iriarte eta Fernando Reyk euskarara ekarritako lana, eta Mario Benedetti uruguaidar idazle emankorraren Udaberri kantoi-hautsia, Aiora Jaka Irizarrek itzulitakoa bestea.

Benedettiren eleberri honetan, Uruguaiko 1973ko estatu kolpean testuinguratuta, diktadura, erbestea, kartzela,… dira hizpide. “Nork bere ikuspuntutik, eta nork bere tonu eta estilo berezia erabiliz, bost pertsonaia nagusiek beren esperientzien berri ematen dute, beren kezkak, beldurrak eta desirak azalduz elkarri. Injustizia, zapalkuntza, borroka, militantzia, espetxealdia, tortura, maitasuna, fideltasuna, traizioa… behin eta berriro agertzen dira pertsonaien ahotan, orain tonu serio nahiz poetikoan kontatuak, orain umore, ironia edo sarkasmo handiz azalduak, baina beti ere Benedettik berezko duen humanismo eta samurtasunaz zipriztinduak” editorearen esanetan.

Urriak 23, asteartea, 12:00etan, Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan oraingoan, Asier Amezaga soziologo getxoztarraren Inor ez delako profeta bere mendean. Gabriel Aresti egunean saiakera lana aurkeztuko da, Gabriel Arestiren “poemen errepika eta errepliken gaineko hausnarketa”. Denboran atzera eta aurrera eginez, hainbat gertakizunen arteko mapa zabaltzen du. Horretarako, Arantzazuko Batzarra, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena, Euskaldunon Egunkariaren itxiera, Guggenheim Museoa edota Bilboko Aste Nagusia bezalako uneak eta guneak ditu hizpide.

Eta azkenik , urriak 25, ostegunean, ordu eta leku berean,  Alaina Agirre bermeotarraren  Oier, 14 eta 16 urteko gazteei zuzendutako lana. “Oierren barne-bidaia honetan beste tripulatzaile bat gehiago izango da irakurlea, eta ontzi berean joango da beste pertsonaiekin batera, hemen ere lagun izango dituelarik Maren, Libe eta Ane, Txandaka bildumako beste liburuetan bezala”.

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button