LITERATURA

Xabier Leteren bertsoak sakonki ikertuak

Jon Martin Etxebeste idazleak Xabier Leteren bertsoak sakonki ulertzeko gakoak bildu ditu liburu batean: Xabier Lete. Bertsorik sakonena. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du liburua, eta XX. mendeko poetarik handienetako honen abestiak ulertzeko, hark bizi izan zuen garaia, entzun zituen bertsoak, eta gainditu behar izan zituen oztopoak jasotzen ditu liburuak.

Liburua hainbat atal interesgarritan biltzen da, eta Xabier Leteren biografia batekin hasten da. “Leteren bizitza kronologikoki kontatzen da eta haren haurtzaroko eta gaztaroko pasarteak biltzen ditu. Ondoren, artistaren obraren errepasoa egiten da: kantagintza, bertsolaritza, antzerkia, prosa, poesia eta itzulpena. Sortzaile gisa nabarmentzen hasi zeneko garaia bere lana eta nortasuna ulertzeko giltzarri izan ziren eta garai haiei errepasoa egiten die idazleak.
Ez Dok Amairu taldean zentratzen da liburuaren hasiera hau: kolektiboaren sorrera, funtzioa, zailtasunak eta demokrazia iritsi ondoko birkokapena kontatzen ditu eta garai berean mundu mailan hedatu zen Kantagintza berriaren errepasoa egiten (Amerikako kantagintza, La chanson française, El Setze Jutges, Voces Ceibes…). Zentsurak garaiko letragiletan izan zuen eraginari buruz gogoeta ere egiten du ikerlariak”.
Liburuaren azken kapitulua, luzeena, bertsolaritzari eskainia dago. “Ahozkotasuna txiki-txikitatik bizi izan zuen Letek. Herri bertsozalea zen Oiartzun eta bertso-paperak kantatzen zituzten askok afalostetan. Metrika, errima eta formulatzeko gaitasuna bere hizkeraren parte bihurtu ziren; horregatik bere kantatako asko berehala sentitu zituen bere jende askok”.

Hortaz esan daiteke, Letek sekulako garrantzia izan duela bertsogintzan. Gaur egungo doinuetako asko bereak dira, eta bere estiloa ere erabakiorra izan zen bertsolaritzaren garapenerako.

Jon Kortazarrek idatzi du liburuaren hitzaurrea. Bertan argitzen du Xabier Lete “kalitateari uko egin gabe publiko zabalera zabaldu zen poesia egin zuela”.

Horren harira, Jon Martin (liburuaren egilea), Jon Kortazar (EHUko katedraduna) eta Elisabete Alberdi (EHUko argitalpen zerbitzuko burua) Xabier Lete bertsolaria al zen? izeneko hitzaldia egin dute egunotan, Landakogunean. Oiartzungo poetak musikatutako lanak bertsolaritzan izan duen eragina eta bertsolaritzak bere poesian izan zuena errepasatu zituzten EHUko bi ikerlariek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button