ESZENA

Udan kulturaz eta aisiaz gozatzeko aukera, “Bilbaouda 2020” ekimenaren bidez

Bilboko Udalak #BilbaoUda2020 ekimena aurkeztu du gaur goizean, udarako aisialdiari eta kulturari lotutako 150 jarduera baino gehiagorekin. Egitasmoaren helburua COVID-19k gehien kaltetu dituen lanbide-sektoreetan ondorio latzak arintzea da.

Gaur egungo egoeraren osasun-neurriekin bat etorriz eta protokoloak zorrotz betez, Bilboko auzoak musikaz, antzerkiz, dantzaz, magiaz eta literaturaz beteko dira udako asteetan. Hala, antzerkiko eta arte eszenikoetako 64 emanaldi programatu dira uztailean eta abuztuan, eta arte eszenikoen arloko 18 euskal konpainiaren ikuskizunez gozatu ahal izango dute bilbotarrek. Honakoak dira taldeak: Gag Street Boys, Goitibera, Intujai Teatro, Hortzmuga Teatroa, Trapu Zaharra eta Markeliñe; zirkua, Malas Compañías Zirko Taldea, The Funes Troup eta Hutsun + Ortzi; magia, Tor Magoa eta D’Albeniz; dantza, Kukai Dantza, Natxo Motero_Danza eta Nerea Martínez + Ana Capilla; musika, Eidabe, Panpotx Kultura Taldea eta Trakamatraka; clown-a, Monda Lironda Pailazoak.

Literatura eta musikari dagokienez, Bidebarrieta Kulturguneak Uda Bidebarrietan ekimena osatu du. Beste batzuen artean, Karmele Jaiok, Toti Martinez de Lezeak eta Kirmen Uribek parte hartuko dute, eta  Mikel Erentxun, Mikel Urdangarín eta Baleen Lobak, besteak beste, musika jartzeaz arduratuko dira. Bilbao Distrito Jazz programak ere aurrera segituko du Uda Jazz programaren bidez eta hor, tokiko jazz-taldeek zortzi kontzertutako zikloa egingo dute. Abuztuaren 3ra arte Bazter Fest jaialdiak jarraipena izango du, eta emakumeek jorratzen duten rap musika izango da protagonista. Bilborock Aretoan kontzertuak, musikoterapia eta jaialdiak ere ez dira faltako, bai eta Bilborock Distart Festival ere, non musika- eta arte-jarduerak bilduko diren.

Bertsolarien jarduna ere presente egongo da Bilbon, eta  Karmelo plazak, Euskal Museoaren atariak, Bidebarrietako Liburutegiak eta San Pedro plazak hartuko dituzte euren bertso-saioak. Bertan, besteak beste, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita bilduko dira.

Hemen kontsultatu ahal dituzue hitzordu guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button