BERTSOTAN

Udako bertso eskaintza, ALBEren eskutik

Uribe Kostan, gustu guztietarako bertsolari zein bertso-saioek osatzen dute ALBEren (Algortako Bertsolari Eskola) aurtengo udako bertso eskaintza. Guztira 16 saio, sei udalerritan.

Portu Zaharreko Balkoitik Balkoira saioarekin (Imanol Uria eta Alaia Martin) hasi zen programazioa, eta irailera bitartean “ez da bertso atsedenik izango”.

ALBEk hitzordu ederrak ondu ditu Uribe Kostan (Gorliz, Barrika, Erromo, Sopela, Portu Zaharra…). Lehenengo hitzordua Algortako San Inazio jaietakoa izango da. Eta uztailaren 31n, San Inazio egunez, Bertso Maratoia egingo da. Jon Maia eta Igor Elortza arituko dira eguerdiko bertso saiotik hasita, bertso bazkarian eta osteko bertso jiran ere.
Bertso Saio Mundiala ere ez da faltako. Uztailaren 5ean izango da aurtengo jaialdi berezia, 21:00etan, Algortako Biotz Alai plazan, eta bertan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Onintza Enbeita eta Xabi Payá arituko dira.

Irailean sartuta, 17an, Hitzaren Dantza ekitaldi berezia izango da. Bertan, bertsoak, euskal dantzak eta euskal kantak uztartzen dira. “Ekitaldiaren formatua iazko bera izango da, hau da, kalejira erraldoia Algortako kaleetan zehar, zazpi gunetan geldituta, eta gune bakoitzean zazpi euskal herrietako bateko dantzak eta kantak, bertsoz aurkeztuta. Eguerdian herri-bazkari handia (200 lagunentzako tokia), ostean txalaparta, kantak eta bertsoak, eta arratsaldean erromeria bikaina.”

Irailaren 22an, Bertso Ekitaldi Zientifikoa ere izango da. Aurtengo edizioa Algortako Musika Eskolako Kristalezko Kioskoan egingo da. Eta udagoienari begira, berriz, aurten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia tokatzen denez, hor ibiliko dira ALBEko bertsolariak eta bertsozaleak, bertso-txapelketa nazionalean parte hartzen, laguntzen eta hauspotzen, ohi bezala.

Informazio gehiago behar baduzue, jo webgunera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button