BERTSOTAN

“Udaberriko Bertso Saioak” jaialdia hasita

Santutxu Bertso Eskolak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dute beste behin Udaberriko Bertso Saioak.
Santutxuko Karmelo plazan egiten diren saioetan, 15 bertsolarik hartuko dute parte aurten, haien artean Euskal Herriko azken hiru txapeldunak (Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus) eta bi aldiz Bizkaiko txapelduna izan den Arkaitz Estiballes. Aurten, Udaberriko Bertso Saioak jaialdiak hogeita hamar urte beteko ditu.

Ekimena hil honetan burutuko da, zapatuetan, hilak 3, 10 eta 17, 13:00etatik aurrera. Santutxuko Karmelo plazan egingo diren saio hauetarako, launa bertsolari partaide izango dituzten hiru bertsoaldi programatu dira, eta bertako Bertso Eskola arduratuko da gaiak jartzeaz.

Lehen saioa, joan den asteburuan izan zen eta bertan, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi bildu ziren.

Maiatzaren 10ean, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Alaia Martin arituko dira, eta azkenik, 17an, Jone Uria, Jon Maia, Miren Amuriza eta Fredi Paia.

Aurreko edizioetan bezalaxe, bertso kalejira bat ere egingo da auzoko zenbait tabernatan zehar. Ekitaldi hau barikuan, maiatzaren 30ean izango da, 20:00etatik aurrera egingo da, eta Andoni Egaña izango da protagonista nagusia. Honekin batera, Santutxuko Bertso Eskolatik sortutako bi bertsolari gaztek ere parte hartuko dute: Arkaitz Estiballesek eta Oihana Bartrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button