ARTEA

Zuhaitzetan ikusi

Bilbao Arte Fundazioak Carolina Andrada artistaren Ver en los árboles izeneko erakusketa atondu du. Joan den ostiralean inauguratu zen eta datorren maiatzaren 7ra bitartean ikusi ahalko dira bere lanak. Carolina Andradak Bilbao Arte Fundazioaren barruan garatu du bere lana egoiliar gisan, urteko beken programaren barruan. Gaur egun bere doktoregoan dago murgilduta.

Vicente Valero adituak luzatu dizkigu artista gaztearen lanaren nondik norakoak testu berezi honetan: “Zerbait esan nahi nuke Carolina Andradaren zuhaitzen inguruan. Non ikusi dituen lehenago ez dakit, Alemaniako baso batean edo Flandesko pintura batean, bere haurtzaroko ipuinetan edo bere hiriko parke batean. Tira, garrantzi handirik ez du horrek. Hangoak izan edo hemengoak izan, natura bertakoak izan edo ametsen errekakoak izan, honako hau esan beharko genuke haietaz: irradiazio sakona ematen digute.
Haien inguruan edo haien azpian gertatzen den oro, haien artean, baita haien barnean ere, misterio ttikien alorrari dagokio. (…) Zuhaitzak eta itzalak marraztutako paisaia dira hemen: zabaltzen den paisaia, nahi adina ireki eta itxi egiten dena, bizirik dagoen zurezko paisaia.
Hor, marraztutako paisaia horren atzealdean gorderik, mundua biluztu egin daiteke eta beti aspaldikoak dituen bere arropa zaharrekin berriz jantzi.(…)

Zuhaitz meharrak eta luzeak dira, eta ebakita ageri zaigun zerura begira daude, sendi berekoak dira –animali ikusezinak elikatzeko fruituak ematen dituen familiakoak, eta munduaren babesle eta orekatzaile.
Adierazten diguten hori, beren landarezko gainjantziaren azpian jaioa edo hazia da, eta irudien eta objektuen zurrumurru horretan ez da orekarik apurtzen, aitzitik, bihotzez bertaratu dira, leku hori bihotzez asetzeko.
Zuhaitzez osatutako abesbatza bat, argiaren eguneroko mirariaren iragarle.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button