ESZENA

“Uda gau bateko ametsa” bertsio oso berezia, Arriaga Antzokian

Gaur goizean aurkeztu dute Arriaga Antzokian Shakespeareren Uda gau bateko ametsa lana, zeina apirilean, ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz oholtzaratuko baita zortzi funtziotan. Obraren moldaketa berri horrekin, Arriaga Antzokiak bat egingo du mundu mailan, dramagile, poeta eta antzezle ingelesaren heriotzaren 400. urteurreneko ospakizunarekin.

Aurkezpenean, obra zuzentzen duen Pablo Viarrek adierazi du “Shakespeare bere handitasunean eta osotasunean” eskaini nahi dutela. Berarekin batera hainbat antzezle ere izan dira, izan ere, antzezle talde potoloa egongo da Arriaga Antzokian apirilaren 6tik 16ra bitartean, lan hau eszenara eramateko; haien artean Itziar Lazkano, Gurutze Beitia, Karmele Larrinaga, Mikel Losada, Joseba Apaolaza eta Lander Otaola daude, besteak beste. Baina haiekin batera, Gabriel Ocina, Eneritz Artetxe, Chema Trujillo, Aritza Rodríguez, Itxaso Quintana, Lucía Astigarraga, Iñaki Maruri, Jon Koldo Vázquez, Jon Ariño, Mitxel Santamarina, Sara Barroeta, Olatz Ganboa, María Urzelai eta Aiora Sedano izango dira.

Obra famatuaren zortzi emanaldi eskainiko dira apirilean, bi astez jarraian, bi txandatan: lehenengoa 6, 7, 8 eta 9an, eta bigarrena 13, 14, 15 eta 16an, eta saio guztiak 20:00etan hasiko dira (apirilaren 13koa eta 14koa goizez izango dira).

Bere barnean amodiozko istorioa gordetzen duen Uda gau bateko ametsa lana hiru hizkuntzatan agertuko dute: ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz. Gaztelaniaz nagusiki erabiltzen bada ere, hainbat pertsonaia euskaraz mintzatuko dira, “ezkutuko hizkuntza” gisan. Pasarte batzuetan (hasieran eta erdialdean) antzezleek ingelera ere erabiliko dute. Halarik ere, ez da arazorik egongo lana jarraitzeko, testu osoa, euskaraz eta gaztelaniaz, azpidatzia egongo baita.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button