ESZENA

“I U, Female eta Trip”, “Ufadak” eta “Aukeran 20 Urte” ikuskizunak, Dantza Garaikidearen Zirkuituaren eskutik

Hiru proposamenekin dator  ostiralean, urriak 19, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Sarearen bidez antolatutako Dantza Garaikidearen Zirkuituaren XIV. edizioa.

Lasala konpainiaren Iu+Female+Trip ikuskizuna da lehena, Tolosako Leidor Antzokian taularatuko dena, 19:30ean. Hiru piezaz osatzen da ikuskizuna, haietako bakoitza dantzari batek interpretatua: I U obrak “itzalen mundutik argien mundura gidatzen gaituen bidea” oroitarazten du. Female izenekoak berriz, emakumezko unibertso batera garamatza. Eta, Trip ikuskizunak bidaia batera gonbidatzen gaitu, “perfekzioaren eta edertasunaren bila”.

Eta Amorobieta-Etxanoko Zornotza Aretoan, Askoa Etxebarrieta “La Pulgak” eta lagunak Ufadak  flamenko ikuskizuna taularatuko dute. Arratsaldeko 19:30ean hasita, Aitor Escobar kitarran, Leo Triviño eta Angel López de Toro ahotsean eta José Gil Carretero Giliyok perkusioan lagunduta, musika eta dantza flamenkoa uztartuko dituzte  Askoa Etxebarrieta Lasheras, “La Pulgaren” koreografia ikuskizunean.

Eta ostiralean urriak 19an, eta ordu berean ere, Barakaldo Antzokian Aukeran Dantza Konpainiak bere 20.urteurrenaren harira prestatutako ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Bertan, begirada berri bat eman die konpainiak bere azken obretako obra ezagunenei. Ainhoa Aierbe eta Mixel Ducau eszena eta musika zuzendariekin batera, hurrenez hurren, ikusleak harrituko dituen proposamen eszeniko dotore eta zaindua da Aukeran 20 Urte proposamen berria.

Aukeran Dantza Konpainia Donostian finkatutako konpainia bat da, 1997an Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak sortua. Harrezkero, ibilbide luze eta oparoa garatu du.

Bere koreografiak, dantza tradizionalak eta garaikideak nahasten dituelako nabarmentzen dira, dantza eta musika tradizionalen erritmoak eta arauak hautsiz, aldatuz, motelduz eta desegituratuz.

XIV. Dantza Zirkuituaren aurtengo edizioak, 84 emanaldi programatu ditu EAEko 28 agertokitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button