ESZENA

“Tzan Tzan Fest” jaialdian, lau dantza proposamen berritzaile Gasteizko Baratza Aretoan

Tzan Tzan Fest, Dantza Garaikideko Mini-jaialdia ondu du Gasteizko arte eszenikoen Baratza Areto independenteak, asteburu honetarako.

Hala, gaurtik hasita hiru egunez, lau proposamen eszeniko proposatzen ditu ekimenaren egitarauak: Hay cuerpos que se olvidan (Sevilla); Esperando a James B (Korsika); Pugna (Donosti) eta Ella era yo (Asturias). Horretaz gain, masterclass bat ere ondu da jaialdiaren harira. Ana Sernak, mugimenduaren sinpletasuna eta kalitatea; arnasketa; lurtzoruaren erabilera eszenikoa; suspentsioa edota norbanakoaren pisua… izango ditu ikastaroaren hizpide.

Tzan Tzan Fest  egitarauari hasiera emanez, gaurko proposamena, aldiz, Hay cuerpos que se olvidan 2Proposiciones Sevillako konpainiaren dantza garaikidearen obra izango da Jose Fco Ortuño antzerkigilearen eskutik, ikuslea ukapenetik, elkarrizketatik, amorrutik, depresiotik eta onarpenaren bidetik eramanez. Gaiak baina, ez dira ustekabekoak eta aukerazkoak izan, “maite duzun lanbidearen dueluko onarpen fasearen emaitza baizik”, zuzendariren esanetan. Hitzordua, 20:00etatik aurrera, gaur, ostirala.

Bihar, 10:00etatik 13:00etara, masterclassa izango da Baratza Aretoko goizeko jarduera. Eta arratsaldez, Esperando a James B Korsikako Art Mouv konpainiaren lana aukeztuko da. Eta igandean, emankizun bikoitza ondu dute 19:00etatik aurrera, bi konpainien eskutik: Asturiasko  Ana Serna & Lauren Atanes konpainiaren Ella era yo sormen eszenikoa, eta Node konpainia gipuzkoarraren Pugna ikuskizuna, dantza garaikidea, zuzeneko musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen performance pieza.

Egitarauaren xehetasun gehiago duzue salabaratza.com  webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button