MUSIKA

Txuma Murugarren Nick Caveren azalean, Soraluzen

Bilboko Izar & Star zikloaren baitan aurkeztu berri du Txuma Murugarren musikariak Nick Cave musikariari eginiko omenaldia, izan ere, egun hartan Murugarrenek australiarrak Bad Seeds taldearekin 2003an argitaratutako Nocturama diskoa bere egin zuen, euskaraz. Gaur, emanaldi berezi hori aurkeztuko du Soraluzeko Gaztelupe tabernan, 23:00etan.

80ko eta 90eko urteetan Viuda de López eta Sasoi Ilunak taldeetan aritutako musikariarentzat erronka handia izan da Caveren testua luzeak euskarara ekartzea eta moldatzea. “Arazo handiena ez dago itzulpenean, ahotsaren doinuak zehazten duen metrikara egokitzea da zailena, horixe da makurrena, bueltak eta bueltak eman behar baitira egileak esan nahi duenetik urrunduko ez diren irtenbideak bilatzeko”. 

Txumak biziki maite du Nocturama, gehienbat pianoan oinarritzen diren doinuak biltzen dituelako. “Beren oinarrizko formara eraman ditugu gaiak, ahotsa eta pianoa dira oinarri. Nick Cavek konposatzen ari zenean abesti horiek beren adierazpiderik gordinenean nolakoak izango ziren irudikatzea da kontua”. 

Nocturama bi musikariren laguntzarekin moldatuko du bizkaitarrak: Rafa Aceves (pianoa, koroak) eta Luis Ruiz (kontrabaxua).

Amaitzeko, Soraluzeko Gaztelupeko tabernatik igaroko den hurrengo musikaria Joseba B. Lenoir izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button