Nontzeberri

Txotxongiloak txoratuta daude, Gasteizen

Datorren hilean, uztailaren 8an, Txotxongilo txoroak Gasteizen izeneko programa abiatuko da. Egunotan, uztaileko eta abuztuko igandeetan egingo den ekimena aurkeztu dute Gasteizen.

Programazioaren barruan, makina bat ikuskizun ondu dira, eta horiek Hirigune Historikoko eta erdiguneko oinezkoentzako eremuko plaza eta txokoetan eskainiko dira. Aurten, berritasun gisa, Arriagako parkera hurbilduko da programa, abuztuaren 12an, formatu txikiko bi ikuskizun eskaintzeko.

Ohi denez, askotariko lanak proposatuko dira: hasteko, ikuskizun ibiltaria izango  da oinezkoentzako eremuan. Uztailaren 14an eta 15ean, etxola bat instalatuko da Probintzia plazan, eta bertan familientzako ezohiko ikuskizuna antzeztuko da, hitzik gabea; egun bakoitzean bost emanaldi eskainiko dituzte. Uztailaren 15ean, halaber, txotxongiloak muntatzeko gune bat jarriko da txikienentzat. Monstrenka aretoan, bestalde, gazte eta helduentzako txotxongilo-ikuskizuna antolatu da uztailaren 28an, ezohiko publiko horrengana hurbiltzeko asmoz.

Ikuskizun bereziak eta dibertigarriak eskainiko dituzten taldeak honakoak dira: Bambalua (Gaztela eta Leon), Galiot (Katalunia), Hortzmuga (Euskal Herria), Markeliñe (Euskal Herria), Hilando Títeres (Madril), Ponten Pie (Katalunia), eta Ptv Clowns (Valentzia), besteak beste.

Ikuskizunen gaineko informazio gehigarria hemen duzue.

Exit mobile version