Nontzeberri

“Txori batek esanda dakit” ekimenak Natura izango du ardatz, Markiña-Xemeinen

Bihar ekainaren 15ean hasi eta 19ra bitartean, Txori batek esanda dakit hainbat jarduera biltzen dituen ekimena  antolatu dute Markiña-Xemeinen Herri Bibliotekak, Uhagon kulturguneak eta Sormen Lantegiak elkarlanean, Natura ardatz hartuta.

Hala, Landisk eskuhartze artistikoa izango da biharkoan 11:00etatik 14:00etara, Uhagon kulturguneko zuhaitzetan. Materialen kontsumo arduratsua, berziklapenaren eta berrerabilpenaren garrantzia azpimarratzeko helburua duen lantegia da berau, Land art teknikan oinarrituta: gehiago erabiliko ez diren CD eta DVD zahar erabiliz.

Eta gaueko 22:00etan,  Uhagon Kulturgunean Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren proiekzioa. Garazi Auzmendi, Iban Toledo, Aloña Jauregi eta Ion Fontenla zuzendariak dokumentalaren nondik norakoak azalduko dituzte ondorengo solasaldian.

Ekozinema zikloaren barruan, ekainak 18 martitzenean, 18:30 Plazabarripeko Kultur aretoan Energia trantsizioa/Piztu aldaketa! proiekzioa izango da. Bertan, gaur egungo produkzio eta energia kontsumoaren aurreko alternatibak aurkezten dira eta  beste energia eredu baten bidean doazen kasu ugari plazaratuko dira, aldaketaren beharra azpimarratuz. Ondorengo solasaldian, Iñaki Barcena  Ekologistak Martxaneko kidea eta EHU-ko irakaslea arituko da.

Eta zikloari itxiera emateko, biharamunean, 18:30etan, eta leku berean, dokumental laburren emanaldia antolatu dute: Urko Olazabal, Bolintxu Bizirik! Taldeko kideak zuzendutako Bolintxu, el último valle dokumentala; Kapitalismoa ipuin bat besterik ez da, The Rules Alternatives-ek ekoiztutako dokumentala;  Yuwara, defendiendo el agua, Peruko sormen  kolektiboan egindako animaziozko laburra; eta Zuk erabaki euskal ekoizpena proiektatuko dira.

Informazio gehiago, hemen.

 

Exit mobile version