MUSIKA

“Txistu Jazz” edo soinu-erronka

Gaur, otsailak 13, Bilboko udal Txistulari Banda Euskalduna Jauregiko eszenatokietara bueltatuko da Eduardo Moreno musikagilearekin elkarlanean sortutako Txistu Jazz proiektu eta kontzertuarekin. 19:30ean hasiko den saioan, Eduardo Morenoz gain, Bilboko Udalaren Txistulari Bandak kontrabaxuan Kike Arzarekin eta gitarran Luis Gimenezekin joko du.

Eduardo Morenok dioenez: “Txistu Jazz ez da kontzertu bat: beharbada bilatze bat izan daiteke, beste doinu batzuetara eramango gaituen xenda bat, katarsi-prozesu bat eta, aldi berean, soinu-erronka bat. Izan liteke txistuak herri-musikan izatea jatorria, folklorearen antzinako munduan egotea erroturik eta folklorea izatea haren egiazko txokoa. Izan liteke instrumentu honetarako musika iraganaldiko hizkuntza bati lotuta dagoela uste duenik izatea, baina, entzun ahal izango denez, txistua eraldatu daiteke, eta badu gaitasuna sonoritate hurbil eta sofistikatu batez mintzatzeko, poesiaz, emozioz eta gozotasunez beterik. Proiektu honen helburua ez da txistua jazz musikara hurbiltzea, baizik eta instrumentua eraldatzea, jazza irten dadin beraren baitatik, bera jazza izan dadin”.

Ohi den bezala, Bilboko Txistularien Bandako partaideak, Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia izango dira oholtza gainean aipaturiko beste musikariekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button