Nontzeberri

Txistu Egunaren XIX. edizioa larunbatean, Amorebieta-Etxanon

Udazken Txistulari Taldeak Txistu Eguna antolatuko du aurten ere. Guztira zazpi txistu banda izango dira bihar egingo den edizio honetako parte-hartzaileak.

Urtero ospatzen da ekimen hori, txistuaren aldeko zabalkundea egiteko eta behar duen garrantzia nabarmentzeko. “Txistua herri folklorearen elementu garrantzitsu bat dugu eta bera zabaltzea eta herriko bizitzan uztartzea nahi da. Horretarako, urteko igande guztietan, abuztuan izan ezik, kalejira jotzen da eta era berean, Amorebieta-Etxanoko auzoetako jaietara ere joaten da. Horrez gain, urtero Karmengo Jaietan Txistularien Kontzertu Nagusia antolatzen da, eta bertan txistulariez gain, metalek, abesbatzak, dantzariek eta kantariek parte hartzen dute. Txistu Egunaren helburua herritik zehar txistu talde ezberdinak egun berean entzuteko aukera eskaintzea da. Herritarrei txistu soinuaz gozatzeko aukera eder bat ematea”.

Diogun moduan, bihar, irailak 21, zazpi txistu bandek parte hartuko dute Txistu Egunean, honakoak: Larriberri Txistu Elkartea (Iruñea), Usartza Txistulari Taldea (Eibar), Getxagoi Txistulari Taldea (Urduña), Itxaropena Txistulari Taldea (Lekeitio), Kankinkabara Txistulari Taldea (Bermeo), Jaizale Txistulari Taldea (Durango) eta Udazken Txistulari Taldea (Amorebieta-Etxano).

Exit mobile version