EZLEKUBAT

Txema Agiriano: “Bilbo Zaharra Polo Artistikoa da Euskal Herrian”

BLV-ART’10-Bilbo Zaharra-Kulturarako Zubia, programa abiatuko da gaur. Egitarauak Bilbo Zaharreko mugimendu artistikoa eta kulturala sustatzea du xede. Horretarako abangoardiako adierazpidez beteriko programa atondu dute hilaren 15era bitartean. Bere baitan BLV Polo Artistiko erakusketa dago Artelan Berreginen Museoan ikusgai: “memoria teknologien bidezko memoria ariketa bat da”. 1988az geroztik Bilbon izan diren abangoardiako ekimen eta adierazpideak bildu ditu, tartean, performance, instalazio, eta artistek abiaturiko galeriak. Horretarako, bideoak, argazkiak eta dokumentuak paratu ditu Txema Agiriano. Gaur inauguratuko den erakusketaren komisarioa da, eta berarekin jarri gara harremanetan erakusketaren xehetasun guztien berri izateko.

BLV ART ’10 programaren prentsaurrekoan esan zenuenez, BLV Polo Artistiko erakusketa memoria-ariketa da. Zergatik gauzatu duzu Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako jarduera artistikoaren ibilbide artistiko hau?
Orokorrean garrantzitsua iruditzen zait tokien memoria berreskuratzea. Memoria honen ezagutzak lagun diezaguke norabide zuzenean aurrera egiten, Bilbo Zaharra, Kulturaren Zubia proposatu zenetik 2007 urtean, garrantzitsua iruditzen zitzaidan oroitzen hastea. Horrela egin zen Allende La Puente erakusketarekin, non Felipe Uribarri, Txema Franco, Ignacio Saenz, Jaime Gartzia, Pilar Baizán eta Rinus Van Alebeek artistek parte hartu zuten. Guztiek auzotik abiatuz jardun zuten, esparru ezberdinak landuz (jendea, lekuak) eta hainbat teknikarekin (bideoa, argazkigintza, lekuak). Harrezkeroztik, fitxategi teknologikoak sortu ziren gogorarazteko. Oraingoan xedea auzo horretan artearen munduan lan egiten dutenen iritziak eta oroimenak biltzea zen. Harreman humano horretatik abiatuz, eta haien oroimenetan murgiltzen, eskuratu diren hainbat informazio, bideo, kartel, flyer eta argazki digitalizatu eta artxibatu dira. Finean, barreiaturiko, eta sarritan galduriko, memoria bat berreskuratzeko saiakera izan da. Osatu gabeko memoria bat, zein zabaltzen jarraitzea espero dugun.

Horren harira, prentsaurrekoan esan zenuen, erakusketa hau zerbaiten hasiera izatea gustatuko litzaizukeela, alegia, bigarren erakusketa bat non 1988az geroztiko obrak eta giroa erakutsiko zenituzkeen. Obra askok izaera efimeroa izango zuten, performance-ak, happening-ak, eta abar,  beraz, hor zailatasunak izango zenituzke.
Bai, ekimenaren balizko bigarren zati hori are zailagoa litzateke. Performance eta happeningen hondakinak eta flyer-ak  badira sarritan, -oraingo honetan modu digitalean soilik erakusketa dira lan-dokumentuaren baitan-. Beste kasu batzuetan bideo- eta argazki-dokumentazioa dago. Erakusketa honetan argazki asko ikus ditzakegu, bereziki Alejandro de la Ricak egin duena bere artxiboen berreskuratze lanari esker, eta bideo nahikoa, gehienak Alberto Urquiza eta José Ramon Bañales artxiboetatik hartuta. Beranduagoko erakusketa batean, obra originala erakutsi ahal izatea gustatuko litzaidake, artxiboen bilaketa eta berreskuratzea handitu. Interesgarria ere izango litzateke, protagonisten parte-hartze zuzena, bai mahai-inguruetan, bai performanceetan. Noizbait egungo erakusketan paratu den lan digitala liburuan plazaratzea ere gustatuko litzaidake, zeinari audio- eta bideo-fitxategiekin hornituriko DVDa gehituko niokeen.

Zonaldeko jarduera artistikoaren garapenerako Safi Gallery elementu giltzarria izan zela ematen du. Ekimen horren historia azalduko zenuke?
Safi Gallery arte garaikideko espazio aitzindaria izan zen zonalde honetan eta hiri mailan, protagonismo handia izan zuen Deustuko Arte Nativa-rekin batera.
Safi Galleryren jatorria 1987an gauzatu zen. Orduan Arte Ederrak ikasten zeunden Detritus eta Amaia Atorrasagasti Berlinera joan ziren Kreutzberg auzoa eta bertan sortzen ari zen okupa mugimendua ezagutzera. Detritus liluratuta itzuli zen Bilbora, hango mila kontu kontatzen, eta minutu batzuk beranduago Alberto Urkiza eta José Ramón Bañales petateak prestatzen ari ziren Berlinera joateko. Bertan sortu zuten Safi Gallery. Bilbora itzultzerakoan erakusketa bat egin zuten Arte Nativan, – Beatriz Silva gidatu, eta Deustuko Burgos kaleko atzeko aldean kokatuta zegoen gunea-. Arte Nativako lagun batzuei esker, jakin zuten jende batek Cortes Kaleko 4 zenbakian lokal bat utziko zuela. Hala, 1988 urtean Safi Gallery inauguratu zuten. Alberto Urkiza, Jose Ramón Bañales Bada eta Jorge Gomez Gom izan ziren sustatzaileak. Ia hastepenetatik, honakoek ere parte hartu zuten: Arturo Garcia Biafra, José Luis Arrizabalaga Arri, Alex de la Iglesia, Detritus, eta beste askok.

Beste datu nagusi gisa adierazi zenuen jende askok ez dakiela La Merced-eko Elizak hainbat jarduera artistiko hartu zituela, egungo Bilborock-en bihurtu baino lehen.
Bai, sugeei buruzko erakusketaz gain, La Merced-ek Eliza zaharrak erakusketa artistikoak hartu zituen, esaterako, Detritusen banako erakusketa edo Arte Ederretako ikus-entzunezkoan erakusketa 1992 urtean, zeina San Nikolaseko Banco Bilbaon egiten zen, eta oraindik bertan egiten da. Urte hartan elizan Proyecto Mostra taldearen (Klaus Grotten, Ana Davila, Manu Serrameto, Rosa Soloaga  eta Alberto Lomas) zenbait bideo-instalazio paratu ziren, eta beste batzuenak ere, eta zenbait performance ere egin ziren bertan, tartean, José Luis Rebollo, Beatriz Silva, Alberto Urkiza, Poldi Langer eta Asier Pérez.

Deigarria da egun, eta hasieratik ere horrela gertatu da, zonalde horretan izan ohi den bizilagunen eta ekimen artistikoen arteko bizikidetza ona. Zein da zure ustez arrazoia?
Egia da bizikidetza hori badela eta betidanik izan dela, baina ez da erabatekoa. Auzoko jende askok atseginez ikusten ditu ekimen artistikoak edo kulturalak, baina beste batzuek ez dituzte hain ondo ikusten. Gaur egun oraindik badira auzorako oso positiboak diren Maitzak 2ko Larunbatak bezalako ekimenak gaizki hartzen dituztenak.

Bestalde, artisten eta Auzokideen Elkartearen arteko lankidetza 1989 urtean sortu zen, Elkartekoek Safikoei laguntza eskatu zietenean auzoko txosna muntatzeko Aste Nagusian, Txozna Beato Pako hain zuzen. Gero Kultur Bar etorri zen, non lankidetza estua izan zen eta EIP sortu zen. EIP, Jose Ramon Bañalesek eta Alberto Urkizak, Auzokideen Elkartearen lankidetzarekin orduko Jose Ortuondo alkateari aurkeztu zioten egitasmoa zen. Espazio publikoak, zein pertsonak birgaitzean zetzan. Langabezian denbora asko zeraman jendea, eta prestakuntzarik ez zutenez, haientzat zaila zen lana lortzea. Egitasmoa onartu egin zuten, eta Corteseko plaza birgaitu zen, eta baita La Najako moila ere.
Harrezkeroztik, sinesgarritasuna izan zuten, eta horri esker beste egitasmo batzuk gauzatu zituzten, esate betarako, Las Chamas.

Nolabait abandonatuta dagoen zonaldea den aldetik, lehendabiziko galeria komertzialentzat egitasmoa apur bat suizida izango zen, ezta?
Horrela ematen zuen, eta horrela izango zen. Emilia Epelde eta Mikel Mardaras izan ziren lehendabizikoak La Brocha galeriarekin 1993 urtean. Haien lanak utzi zituzten eta lokala muntatu zuten Conde Mirasolen. Berregite lan kasik guztia haiek burutu zuten. Hasierako ideia Arte Ederretan erabiltze den materialaren denda abiatzea zen, aurrean Artelan Berreginen Museoan baitzeukaten, non El Ruso-k marrazki-klaseak ematen zituen. Inauguraziorako erakusketa kolektiboa egin zuten lagunei obrak eskatuz. Obra asko saldu zituzten, ia guztia senideei eta lagunei, eta aurrera jarraitzea erabaki zuten. Lehen sasoian gazteek eginiko artea saldu zuten. Emiliak kontatzen zidan Udalean ere proiektuak aurkeztu zituztela auzoa bergaitzeko, artista gazteei zuzenduriko tailerrak gauzatuz lokal itxietan eta prezio txikietan, baina ez zieten kasurik ere egin.

Zer ekarri dio auzoari jarduera artistiko eta kultural honek?
Euskal Herrian polo artistiko bihurtzea, eta horrela baieztatu didate nire solaskideek. Hortik erakusketaren izenburua: BLV Polo Artistiko.

Bada esaten duena jarduera guzti hau moda hutsa dela. Uste dut proposatzen duzun ibilbide historikoa baliagarria izango dela zonaldearen irudi errealagoa eta benetakoagoa ezagutarazteko. Ados zaude? Zergatik uste duzu izaten direla horrelako iritzi sinplistak?

Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalari buruz zenbaitzuek duten irudia aldatzea espero dut. Uste dut iritzi sinplistak informazio ezagatik izaten direla.
Erakusketa honek erakutsi nahi duen gauzetariko bat da zonalde horretako jarduera artistiko eta kulturala ez dela moda sinple bat. Era berean, espero dut erakundeak ohar daitezela egitasmo independenteek gauza asko sortu dituztela auzo honetan, eta laguntza gehiago behar dutela. Egun zonalde honetako eremu kulturalean lan egiten dugun lagun, enpresa, eta elkarte kopuru handi batek egitasmo bat sortu berri dugu Mariaren Bihotza plazan lokal autogestionatu bat berri irekitzeko. Uste dugu beharrezkoa dela.

Azkenik, MEM jaialdiaren arduraduna izanik, zonaldeko jardueraren zati bat ere bazara. Esango diguzu nolakoa datorren aurtengo edizioa?
Aurten azaroaren 1ean hasiko gara Weye Blood estatubatuarrak maiatzak 2 kaleko Burton-en eskainiko duen kontzertuarekin. Larunbatean, azaroak 6, Maiatzak 2ko larunbatetan parte hartuko dugu, eta arratsaldean Abisal-en Samuel Labadie artista euskaldunaren erakusketa inauguratuko dugu. Liv Strand suediarrak, gainera, instalazioa paratuko du San Frantziskoko Auzo Etxean. 19an, halaber, Lydia Luch eta Inazio Escudero musikariak izango dira. 20an, FM Einheit, Máximo Zu, Lords of Bukkake eta Niebla Fascista bandak. BilbaoArten robot-tailerra abiatuko dugu. Victor Aparicio Garabat galerian izango da… eta hainbat gauza gehiago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button