MUSIKA

Tristtan Mourguy eta Oso Fan, Donostiako Txondorra kultur gunean

Igandean, Tristtan Mourguy eta Oso Fan musikariak Donostiako Txondorra kultur gunean izango dira, 18:00etatik aurrera, Ttan Ttakun Irratiak ondutako kontzertuan.

Oso Fan, Giorgio Bassmatti donostiarraren euskarazko egitasmoa da. Bassmattik pop kantuak jotzen ditu, eszenatokian bakarrik aritzen da, eta bere letrak umorez eta ironiaz josita daude. Bere talde kutunen artean Beat Happening edo Pastels daude. Bassmatik, halaber, Melodías concertantes diskoa plazaratu zuen Vidaur musikariarekin batera.

Bassmattiren hitzetan, “Oso Fan, edo oso man, bakarrik noa-eta, edo oso one, bakarrik noa-eta. Kontzertuok akustikoak dira eta asteon, Donostian dute parada”.

Tristtan Mourguy, berriz, Donibane Lohizuneko musikaria da, eta iaz,  Gordeka (Ipar Orratza) izenburuko disko berria plazaratu zuen, Horeba taldearen laguntzaz. Mourguyren bigarren diskoa da, eta lan bikoitz baten lehenengo zatia.

Kantu-egile klasikoa izanagatik ere, bere jarioan askotariko musiken trazak sumatzen dira, 1970eko hamarkadako rocka edo Brasilgo musika, besteak beste. Jurgi Ekizaren (Willis Drummond) aburuz, “gaurko songwriter baten hasierako arrazoibide batean gara (Mikel Urdangarin, Petti), baina 1970eko hamarkadako uhain zenbaiten eraginekin: euskalduna (Itoiz), anglosaxoia (King Crimson) edota brasildarra (Caetano Veloso). Hala, grabazioan bildutako bederatzi kantuetan askotariko zertzeladak biltzen dira: tarte akustikoak, rock progresiboa, giro intimoak, atmosfera elektronikoak…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button