MUSIKA

Txapelpunk-ek bere bizitzaren soinu banda grabatu du

Gaur goizean aurkeztu du Iñigo Txapel musika lekeitiar ezagunak Txapelpunk-en bosgarren lana. Karaoke formatuan hasi eta amaitu du ekitaldia. Izan ere, Krem de la Krem izenburuko lan berrian bere bizitzaren karaoke saio, edo soinu banda, bildu du. Alegia, bere ibilbidean oinarrizkoak izan diren taldeen bertsioez josiriko lan bizia grabatu du.

“Gaztetan markatu ninduten talde kutunen kantuak bildu ditut”, azaldu du Iñigok. Kantuak aukeratzeko prozesua sinplea izan da: taldekide bakoitzak Iñigoren talde kutunen kantuak ekarri dituzte eta gero behin betiko hautaketa burutu dute. Kantuen artean Euskal Herrian 80ko hamarkadako loratu ziren punk taldeak nagusitzen dira, tartean, Eskorbutoren Adios Reina Mia, Kortaturen Zu Atrapatu Arte, edo BAP-en Plastikozko Janariak.
Bere ibilbidean funtsezkoak izan diren taldeak ere agertzen dira, Etsaiaken Paranoia, Ume Gaiztuak bandaren Ume Gaiztuen Festa eta Txapelpunken kantu bat ingelesez abestua, Shit On God. Izan ere, Txapelpunk ingelesez abesturiko bilduma bat ontzen ari da AEBetan argitaratzeko. “Disko horri laguntzeko bira bat egiteko asmoa ere badugu”, azaldu du lekeitiarrak.

Disko berrian agertzen diren kolaborazioei dagokienez, Auo Etsaiak taldeko abeslariak Paranoia kantua abestu du eta MCD taldeko Joaquinek gitarra jo du Barrenkalle doinuan. Deigarria da, Iñigok Orquesta Mondragonen Caperucita Feroz sartu izana. “Txikitan ia hilabetez izan nintzen gaixorik eta amak disko hori ekarri zidan eta etengabe entzuten nuen, asko markatu ninduen”. Horretaz gain, Gernikako Zurrapak taldearen Divino Tesoro kantua ere jaso du. “Oso talde ona zen, kantu onak zituzten, ibilbide laburra egin zuen arren, ingurukoek baino ez genuen ezagutu”, azaldu du.

Diskoa Durangoko Luberri estudioan grabatu du eta zuzenean aurkezteko asmoa agertu du. Izan ere, dagoeneko hainbat kontzertu lotuta dituzte. “Diskoa urtebetez jo nahi dugu, eta datorren urtean gure kantuekin eginiko seigarren lan bat grabatu”, nabarmendu du. Prentsaurrekoa Zu Atrapatu Arte abesten amaitu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button