Nontzeberri

Txapel Reggae jaialdiaren aurtengo edizioa larunbatean, Armintzan

Hiru egun besterik ez dira falta Armintzako Txapel Reggae jaialdi beteranoak bere ateak zabaltzeko. Uztailaren 13an izango da hori, larunbat honetan. Eta aurtengo edizioko kartela, gainera, hizkuntza eta kultura aniztasunez beterik dator, hori baita edizio honetako ezaugarri nagusia.

Hala, Euskal Herriko eszenaren ordezkaritzan, Suaia eta Ama Rebel bandak euren erritmo dantzagarriak joko dituzte, eta Jamaika, Costa Rica, Galiza edota Kataluniako banden ordezkariak izango dituzte ondoan.

Bizkaiko kostaldeko herria reggae doinuz girotzen hasiko da larunbatean arratsaldeko 16:00etan. Biobizz Portua Stage agertokian hasiko dira emanaldiak,  Armintzekaldeko Skate-park ondoan kokatuta, eguneko topaleku izango dena. Bertan programatu diren doako Sound System, rap eta bestelako jardueretako  lau proposamenekin, gaueko kontzertuetarako beroketa egingo da Txapel Reggaeko bihotza girotu eta bibraraziz. Bertan izango dira, besteak beste, Weepah, Ziribulio Kolektiboa eta Pantx Records artistak, Ziztada eta Raperu, Santa & Vega, Laize, Aiala e Lyrikan eta Endika Lahaine i Rufoh MC-ak, King Burning eta Bass Herri Sound bandekin batera.

Eta Dub Stage eszenatokian, hizkuntza eta kultura aniztasunaren aldeko ordezkariak bildu dituzte antolatzaileek. Hala, gaueko 23:30etik aurrera, aurtengo karteleko izarra eta artista nagusia bertan izango da jamaikar herriaren ordezkari legez: Fantan Mojah & Jahvolution.

Fantan Mojah abeslari jamaikarrak aire freskoa dakar eszenara, reggaearen egungo korronte berriaren aitzindarietako bat baita. Positibotasuna pizten duten gaiak ditu gustuko, kritika soziala baztertu gabe. Bere adierazpenen arabera, pertsonen kontzientziak astintzea bilatzen du, Txapel Reggae jaialdiaren izpirituaz bat etortzen den filosofia, hain zuzen. Bere ibilbide artistikoa 2001ean hasi zuenetik, reggae, dancehall, ragga, roots, dub edota dubstep estiloko hainbat ekoizpen argitaratuak ditu. Bere ondoan  Jahvolution izango du oholtzan lagun, Rotterdamen bizi diren 5 musikariz osatutako banda.

Jamaikar talde handiarekin, Un Rojo Reggae Band Costa Ricako banda egongo da, reggae-rock estiloan eta Latinoamerika osotik bira egin ostean, Armintzara iritsiko dena. Gainera, High Paw & Elephants Yard Vigoko abeslariak, reggae, roots eta raggamuffin estiloak haizatuko ditu;  eta Deskarats banda kataluniarrak mezu borrokalaria dakar ska-rock doinuekin. Euskal Herriko eszenaren ordezkaritzan Suaia eta Ama Rebel banda ditugu,  Suaiaren raggamuffin-dancehall estiloa eta Ama Rebelen roots-reggae estiloko beteranotasuna nahasiz.

Eguerdiko 12:00etatik aurrera, bestalde,  Batukale samba eta perkusio-taldeak girotuko ditu Armintzako kaleak, eta ordu beretik aurrera, skate -emanaldia hasiko da Dub eszenatokian, parte hartu nahi duenarentzat zabalik. Eta 14:00etatik 16:00etara bitartean, dancehall estiloko eskolak izango dira, gauari begira berotzen hasi nahi duenarentzat.

Egitaraua eta informazio osoa, txapelreggae.com web atarian duzue.

Exit mobile version