BERTSOTAN

Txaber Altubek lortu du BBTren hirugarren kanporaketan finalaurrekotarako txartela

Amorobieta-Etxanon domekan jokatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketan Txaber Altube geratu da garaile, egindako lanarekin lortutako 478 punturekin. Hala, garaipen honekin abenduaren 1ean Lekeition jokatuko den finalaurrekoan kantatzeko txartela lortu du abadiñarrak.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketan, Zornotza Aretoan bildutako 300 bertsozaleen aurrean kantatu zuten gainontzeko bertsolarien sailkapena eta puntuazioa horrela geratu da: Ander Elortegi Garateak 472 punturekin bigarren postua lortu zuen; Unai Mendiburu Valor izan zen hurrengoa 466 punturekin. Halaber, Ander Ucelay Aristik laugarren postua eskuratu zuen 447 punturekin, eta Inazio Vidal Gurrutxagak ostera, 419,5 punturekin bosgarrena. Aitor Esteban Etxebarriak aldiz, 418 punturekin, seigarren postua eskuratu zuen.

Bertsozalez betetako aretoan giro aparta sortu zuten bertsolariek egindako lanarekin. Buruz buruko lanean, zortziko nagusian eta ofiziotan, hiruna bertso kantatu zituzten eta beste hiruna, zortziko txikian. Puntua emanda halaber,  bertso bina egin zuten zortziko txikian, eta beste hiruna bertso, hamarreko txikian eta ofiziotan. Eta neurketa, “seguru zagoz mesanotxean gorde zendula. Gaur, begiratzera joan zarenean ez dagoala konturatu zara”,  kartzelako gaiaren inguruan, doinu eta neurri librean, beste bina bertsorekin osatu dute saio puntuagarria. Ariketa guztien puntuazio eta sailkapenak hemen.

Hurrengo kanporaketa saioa Plentzian jokatuko da, urriak 28an, 17:00etan Jai Alai Frontoian. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus  atarian salgai daude dagoeneko, bertsozale bazkideentzako deskontuekin. Finalaurreko saio guztietara joateko interesa dutenentzako ere, bonoak daude  eskuragarri.

Plentziako laugarren kanporaketan parte hartuko dute Aitor Bizkarra, Arkaitz Zipitria, Gorka Pagonabarraga, Julen Ibarguengoitia, Peio Ormazabal eta Peru Vidal bertsolariek. Bizkaiko Bertsolarien Txapelketa osoa jarraitu dezakezue bertsozale.eus ataraian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button