MUSIKA

Tulsa eta The Mani-Las, EHUk ondutako Indie Festival jaialdian

EHUk Indie Festival jaialdia ondu du martxoaren 1ean eta 7an, Bizkaiko Campusean. Emanaldiak, hain justu, Mitxelena aretoan egingo dira. Jaialdiaren bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta bere xedea Estatuko eta Bizkaiko indie taldeak sustatzea da.

Hala, martxoaren 1ean, The Mani-Las, Lukiek eta Dekot taldeek joko dute, 20:00etatik aurrera. The Mani-Las taldea eskarmentudun musikariek osatzen dute: Maika Makovski, abeslaria eta gitarra, Mariana Perez, bateria (Sonic Trash, Rubia eta Cora Bloom) eta Olaia Bloomm, gitarra (Las Culebras eta Cora Bloom). Hirukoteak 1960ko hamarkadatik edaten duen garage-rocka jotzen du.

Belako taldeko abeslari eta gitarra jotzaile Josuren egitasmo rockzalea da Lukiek; hirukoteak, hain justu, Strokes, Nirvana eta The Clash taldeetatik edaten du. Ondoko bi musikariekin osatzen da hirukotea: Antton Goikoetxea (Leun) eta Christian Rodriguez (All I Need eta Shinova taldeetan aritutako musikaria). Soinu gordina eta sendoa jotzen dute mungiarrek, askotariko errepertorioarekin, euskaraz eta grunge jarrerarekin.

Dekot taldeak, bestalde, Demak grabatu eta kaleratu du 2018an. Diskoak hamar kantu biltzen ditu. Musikalki, pop-rock garaikidearen esparruan kokatzen diren kantu bizi eta dantzagarriak biltzen ditu diskoak, indartsuak, baina baita melodikoak ere.

Tulsa, María José Llergo eta FAZ, martxoaren 7an

Miren Iza (Hondarribia, 1979) musikariaren egitasmoa da Tulsa. Orain arte bost álbum argitaratu ditu, azkena, 2017an, Centauros (I*M Records, 2017). Iza aspaldi hasi zen hainbat berrikuntza eransten bere proposamenari: erritmo-kutxak, ehundurak, sintetizadoreak… bere ohiko jario lirikoa elektronikaz bustiz.

Azkenik, Maria Jose Llergo Cordoba flamenko kantaria da eta FAZ Itziar Baiza eta Nacho Mur musikariek osatutako proiektua da. Mur gitarra-jotzaile eta ekoizle laudatua da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button