Nontzeberri

“Ttan Ttakun” jaialdia Azebarri elkartearen eskutik

Martxoaren 9tik martxoaren 30era txalapartari eta txalapartazaleen topagunea izan nahi duen Ttan Ttakun jaialdia antolatu du Azebarri elkarteak. Horretaz gain, beste ekintza asko programatu ditu martxorako.

Ttan Ttakun jaialdiaren barruan, eskola magistralak, topaketak, solasaldiak eta abar antolatu dituzte hil osoan. Horretaz gain, martxoaren 14an, ostegun kulturala programatu dute: Eñaut Elorrieta akustikoan, Elkartasun Gaubela, 21:00etan. 15an, musika protagonista ere izango da, eta Ainhoa Aranburu eta Kerman Santiago bikoteak A Ze Gazte!! kontzertua eskainiko dute.

Hurrengo ostegun kulturalean, Endika Lahainek  eta David Naclaresek, Otsoa izeneko emanaldi poetiko-musikala eskainiko dute. Endika LaHaine bere lehenengo lerroak nerabezaroan idazten hasi zen. Gero Frantziako kaleetan rap-a ezagutu zuen eta honen eraginaren bitartez musika estilo honetan murgiltzen hasi zen. Horren ondorioz 121 krew izeneko taldea osatu zuen hainbat lagunekin batera. Sortzaileak musika munduan murgildu zenetik 20 urte pasa dira, eta geroztik, proiektu ezberdinetan parte hartzaile izan da (Bunpada Sound, Suaia eta LaHaine, Salbuespunk,…). Ez da musika aritu den diziplina bakarra, izan ere, Endikak antzerkigintzarekin ere lotura sendoa izan du eta Fausto herritar eredugarri eta El otro es nosotros antzezlanetan parte hartu du. Azken honetan, musika sorkuntza beregain hartu zuen Nahiel Ibarrolarekin batera. Orain literatura besarkatu du eta lan berria aurkeztu du, liburu formatuan datorrena eta bere bizitzan parte hartu duten olerki guztiak bildu nahi izan dituena: Lobo-Otsoa liburua (Taupaka Elkartea, 2018).

Azkenik, martxoaren 23an, Barne Barnetik Fest ekimena antolatu dute. Bertan, Nevadah, Erasoka eta Brigade Loco taldeek parte hartuko dute.

Exit mobile version