MUSIKA

Travellin’ Brothers, Tosta Banda eta Enekora, Elorrioko Musikaire jaialdiaren azken asteburuan

Hiru euskal talderen emanaldiekin amaituko da asteburu honetan Elorrioko Musikaire jaialdia: Travellin´ Brothers, ostiralean; Tosta Banda, larunbatean; eta, azkenik, Enekora, igandean. Hiru emanaldiak Tola jauregian egingo dira, 22:30ean.

Travellin´ Brothers Bilboko blues banda da, eta oso talde ezaguna da AEBetako sustraidun musika zaleen artean. Ibilbide luzeko taldea da (15 urteko bidea eta zortzi disko). Elorrion 13th Avenue South izenburuko lana aurkeztuko du, aurten grabatua, AEBetako Nashville hirian, Brad Jones ekoizlearen gidaritzapean.  Musikaire jaialdiaren arabera, lan horren bidez sustrai amerikarra duten musiketatik zehar bidaiatzea proposatzen dute bilbotarrek. “Bluesetik gospelera, swing, jazz, folka, zydeko , cajun, soul, coantry… “

Tosta Bandak, bestalde, Tosta ikuskizuna taularatuko du Elorrion. Kukai Dantza konpainiako bi dantzarik eta Eskozia, Galizia, Frisia, Irlanda, Gales, Kornualles eta Euskal Herriko hamaika musikarik eta abeslarik hartzen dute parte ikuskizunean. Lehen aldia da kultura horietako instrumentu, erritmo, kantu, estilo eta dantzak elkartzen direla sustrai-kantak berrasmatu eta berrinterpretatzeko asmoz. “Emanaldiak atlantikoan barrena egiten den bidaia musikatua irudikatzen du”.

Azkenik, Eneko Larrañaga (1982 Zestoa) eta Afrikako kora instrumentuaren arteko topaketaren emaitza da Enekora. Oraintsu, Maitatzea nahiago izenburuko diskoa plazaratu du taldeak. 12 doinu jasotzen ditu, horietatik hamar talde osoarekin egindakoak dira, laukotea, eta gainerako biak korarekin eginiko instrumentalak dira. Idoia taldekidearen aburuz, “Enekora ikus-entzunezko ikuskizun bat da. Munduko musika, proiekzioak eta dantza uztartzen ditugu, musika eta mugimendua uztartuz, kontzertua bidaia bat izan dadin. Instrumentu nagusia Kora izeneko Afrikako arpa aitzindari bat da, bere melodia zoragarriekin kulunkatuz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button