BERTSOTAN

“Bertsolari” filmaren emanaldiak

Asier Altunaren filma, definizioz, “bidaia bat-bateko poesian, isiltasunean eta arte biluzian barrena” bada. Ikusmin handia sortu du filmak.
Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo emango da asteburu honetan, 2011ko Donostiako Zinemaldian, data eta ordutegi hauetan:
– Irailak 17, larunbata, arratsaldeko 16:00etan, Kursaaleko Auditorioan estreinaldia.
– Irailak 18, igandea, arratsaldeko 18:15etan, Antiguo Berriko 1, 2 eta 3 aretoetan.
– Irailak 19, astelehena, 12:00etan, Victoria Eugenian.
– Irailak 19, astelehena, 20:45etan, Principe 7 aretoan.

“Bertsolari txapelketako finalera joaten nintzenean hunkitu egiten nintzen. Beraz, bertsolariei buruzko film bat egin eta ikusleak hunkitzea lortuko banu, ahalegina egitea mereziko lukeela pentsatu nuen. Hori izan zen nire erronka eta horregatik erabaki nuen filma egitea.

Bertsolaritzak atsegin ditudan hainbat gauza ditu. Masako ikuskizunen aurkakoa da, baina estadioak betetzeko, ikusleak hunkiarazteko, barre eta negar eginarazteko gaitasuna du, hitzek eta isiluneak soilik baliatuta. Ikuskizun sinplea da, apaingarririk gabea, biluzia eta isila.

Gaiak berak lagundu digu estimulu moduan filma sortzeko prozesuetan. Asko gozatu dugu inprobisatzen, gidoia filma egin ahala idazten, lehenik amaiera pentsatzen –bertsolariek egiten duten bezala–, bertsoen egitura eta pelikularena alderatzen, isiluneekin eta biluztasunarekin jokatzen, bertigoarekin. Baina batez ere intuizioak gidatu gaitu. Nora iritsiko ginatekeen oso ondo jakin gabe, prozesuarekin gozatu dugu, eta bukatu dugunean izugarrizko poza sentitu dugu.

Film hau egitea oso garrantzitsua izan da niretzat, pelikularekin batera hazi bainaiz ni ere. Mikrofono baten aurrean jarri eta bihotz-bihotzez kantatu dudala sentitzen dut.” -borobildu du Asier Altuna zuzendariak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button