MUSIKA

Korrontziren musika, dantzan

Korrontzi folk taldeak bere Korrontzi dantzan izenburuko lan berria aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Agus Barandiaranek zuzendutako proiektuaren fruitu berria dantzaren inguruan ardaztu da, eta luxuzko CD, DVD eta liburu formatuan argitaratu du Baga Biga diskoetxeak.

Azken boladan, Korrontzi hainbat koreografo eta dantza-konpainiarekin ari da lanean zuzenekoetan, eta elkarlan horretatik tiraka, emanaldia grabatu dute propio DVD honetarako, aipatu kontzertuetan parte hartu duten dantzari eta koreografoekin. “Dantzariak dira protagonistak, gu, musikariok, behean gaude, eta dantzariak oholtzan”, azaldu du Agusek.

Horrekin batera, proiektuak kutsu didaktikoa ere badu, izan ere, DVD horren pistetako batean, irakasle baten jarraibideak biltzen dira. Hala, etxean daudenek zazpi dantza ikasteko aukera izango dute.

Egitasmoan makina bat koreografo eta dantza-taldek parte hartu dute: Aukera, Kukai, Oinkari, Maia anaiak… “Korrontziren musika inspirazioa izan da hainbat koreograforentzat”, azpimarratu du trikitixa jotzaileak. DVDan 18 koreografia inguru biltzen dira.

Trikitixaren eta dantzaren arteko harremanaren harira, trikitixa maisu izandako Rufino Arriolaren hitzak gogoratu ditu Agus Barandiaranek: “Trikititxa dantza egiteko da, eta dantzarik gabe ez dauka zentzurik”.

Dagoeneko, hainbat emanaldi ondu ditu Korrontzik lan berria aurkezteko: 22an, Bartzelona; abenduaren 18an, Durango; 13an, Madril, 2016ko urtarrilaren 23an, Hazparne; otsailaren 20an, Rotterdam; eta abar. Horietan guztietan, toki bakoitzeko dantza talde batekin arituko da. Taldeak aurretik ikasi beharko dituzte koreografiak, eta gero, kontzertuaren egunean, elkarrekin aritu; esaterako, Madrileko kontzertuan, Sustrai dantza-taldearekin arituko da Korrontzi.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button