EZLEKUBAT

Toundra: “Gure musika ez dugu arinkeriaz hartzen.”

Iragan urtarrilaren 12an Madrilgo Toundra rock talde instrumentalak III (Aloud Records, 2012) diskoa aurkeztu zuen Bilboko Kafe Antzokian, bai eta aretoa bete ere. Bertan izan zirenen arabera, emanaldia ahaztezina izan zen. Irailaren 28an, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean izango dira madrildarrak Jardin del la Croux bandarekin batera. Gipuzkoako hiriburuan izango den lurrikara instrumentalaz hitz egiteko Alex taldeko bateria jotzailearekin jarri gara harremanetan.

Zuen azken lanak, III, ezkortasun kutsua dauka. Eroso zaudete iluntasun horretan?

Ez dut uste hain pesimista denik, bai da, ordea lan gordinagoa, melankoniatsua tarteka, baina ez nuke esango ezkorra denik. Beti sentitzen gara eroso edozer jotzen. Egiten dugun doinu oro eroso gaudelako konposatzen ditugu, eroso gaudelako bide horretan.

Disko horretan, gainera, soka eta haize konponketak ere sartu dituzue. Non sortzen dira konponketa horiek, lokalean edo estudioan? Zuen estiloan aurrera egiteko eta esploratzeko duzuen gogoaren isla al dira konponketa horiek?

Konponketa gehienak Estebanen buruan sortzen dira. Izan ere, ideia horiekin adi ibili behar dugu, bestela beragatik izango balitz hurrengo diskoa Vienako filarmonikoarekin  grabatuko genuke. Mugak jarri behar dizkiogu.

Zuen musikak badu kutsu epiko nabarmena. Aurretik pentsatutako zerbait al da epikotasun hori?

Gure musika guztia aurretik pentsatutako zerbait da, aurretik ikertua, eragindakoa, ezabatua, moztua, itsatsia… Egia esan, gure musika ez dugu arinkeriaz hartzen.

Soinu bandetarako musika aproposa izan daiteke. Zinerako edo antzerkirako lanik egin al duzue?

Ez, oraindik ez, askotan gure musikak “soinu banden” antza duela esan diguten arren. Ez kantatzeak sentsazio hori sortzea dakarrela uste dut. Dena dela, soinu banden kontua ez dugu baztertzen, kontua da oraindik inork ez duela gure atean jo.

Post-metal eta rock progresiboa dira zuen musika definitzeko erabili diren etiketak. Zuen proposamena zehaztu beharko bazenu nola egingo zenuke?

Rock instrumentala. Ez dugu atsegin etiketekin denborarik galtzea. Rock instrumentala, eta entzun nahi duenak entzun dezala.

Nola lantzen dituzue doinuak lokalean? Nola sortzen dira bost minututik gorako eta aldaketekin jositako egitura horiek?

Gehienetan Esteban edo Victor gitarra joleen ideia batetik sortzen dira: riff bat, solo bat… eta lokalean garatzen dira. Entseguak grabatzen ditugu, etxean entzun, eta lokalera itzultzen garenean, eztabaidatu egiten dugu: batzuetan, zatiren bat kentzen dugu eta hobeto egokitzen den beste zerbait sartzen dugu; beste batzuetan, berriz, doinua pikutara botatzen dugu, eta zerotik hasten gara…

Orokorrean, doinuei buelta asko ematen dizkiegu. Ni gogoratzen dudanagatik, oso pieza gutxi atera dira berez, denbora tarte txikian, ukiturik eman gabe, batez ere egiturari dagokionez.

Doinu horiek jotzeko trebezia handia eduki behar da instrumentuekin. Kontserbatorioan ikasi al duzue? Autodidaktak zarete?

Estebanek gitarra klasikoa amaitu zuen kontserbatorioan. Nik hasieran bateriako klaseak jaso nituen, hilabete gutxi batzuk izan ziren arren; klaseen bidez oinarri bat lortu nuen. Gainerakoak autodidaktak dira.

Ekainean Victor gitarra jotzaileak taldea utzi zuen. Taldekide aldaketak nola eragin du soinuan?

Oraingoz ez da oso nabarmena izan, behintzat soinuari dagokionez, Macón oso ondo egokitu baita. Europan barrena egin genuen biran ere Victor ordezkatu zuen. Halere, konposizio berrietan ez dakigu nolako soinua izango dugun. Doinuok egiten ditugun heinean ikusiko dugu.

Irailaren 28an Donostian joko duzu. Nolakoa izango da kontzertua? Nola hartzen zaituztete Euskal Herrian?

Kontzertua intentsua eta dibertigarria izango da, beti saiatzen gara horrela izan dadin. Euskal Herrian besoak zabalik hartzen gaituzte; egia esan, Euskadi izugarri gustatzen zaigu.

Etorkizunerako planik?

Bira amaitzea, urrian bukatuko baita, eta hortik aurrera doinu berriak egiten hasi buru-belarri.

http://toundra.bandcamp.com/

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button