LITERATURA

Simone de Beauvoirren “Bigarren sexua” klasikoa euskarara ekarri du Irene Arraratsek

Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera klasikoa Irene Arrarats Lizeagak ekarri du euskarara, Jakin eta Elkar argitaletxearen Eskafandra  bilduma feministaren baitan. Gainera, pentsalari frantsesaren pentsamendua eta feminismoaren giltzarriak jasotzen dituen saiakeraren film laburra ere osatu dute Nora Alberdik eta Iratxe Fresnedak, Bigarren sexua(z). Collage izenburupean.

“Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da” esaldi ezagun horrek laburbiltzen du Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera. 1949an argitaratua, aitzindaria izan zen emakumearen ustezko izatearen naturalizazioa eta zapalketa sistemikoa azaleratzen, ikertzaile baten zehaztasun eta sakontasunez. Izan ere, modu oso metodiko eta analitikoan lan egin zuen pentsalariak. “Hori izan zen berrikuntza. Analisi hotz hori egin izana, zirujau baten bisturia atera eta zorrotz eta hotz aritu baitzen analisian”, itzultzailearen hitzetan. “Bere jakintza zabalari esker, existentzialismoa, antropologia, Hegelen ideiak… horiek guztiak gurutzatu zituen emakumearen egoerarekin”, gaineratzen dute aldizkariko arduradunek.
Lana Vatikanoak debekatutako liburuen zerrendan egon  arren, sekulako hedapena lortu zuen argitaratu eta segidan. Hala ere, benetako aitortza 70eko hamarkadako olatu feministarekin iritsi zitzaion, eta geroztik mendebaldeko pentsamenduaren eta feminismoaren giltzarrietako bat da. Klasikoetan klasiko bada ere, egun  ditugun auzietako askori sakon heltzen die.

Bi ataletan banatuta dator itzulpena, bi liburukitan. Lehenengo liburukiak emakumeari buruz esan dena aletzen du, hainbat ikuspegitatik. Bigarren liburukiak, berriz, emakumeen bizimoduari erreparatzen dio, bere egoera eta baldintzei: amatasunari, ezkonduaren bizimoduari, prostituzioari, lesbianen egoerari, haurtzaroari… Gainera, emakumeen kontra emandako justifikazioak ere aztertzen dira eta itzultzaileak azaldu duenez, “beste idazle eta filosofoen aipu pila bat jasotzen dira, Platonekin hasi eta bukatu Kierkegaard, Schopenhauer… Horien justifikazioak ere jasotzen ditu”.

Irene Arrarats itzultzaileak Simone de Beauvoirren pentsamenduaren harira adierazi duenez, Beauvoir saiakera idatzi zuenean ez omen zen feminista; sufragismoaren mugimendu historikoa bukatua zegoen ordurako, eta gainera, 70eko hamarkadako olatu feminista ere iritsi gabe zegoen. Hala, saiakera idatzi zuen garaian, ez omen zuen oraindik kontzientzia feministarik hartu, eta gaiari, filosofia eta existentzialismotik heldu omen zion.

Abiapuntu horri jarraituz, ordea, kulturaren mekanismo zapaltzaile batzuk deskubritzen hasi eta emakumearen zapalketaz jabetzen hasi zela gaineratzen du itzultzaileak. Eta hortik, geroago  ondorioztatu, “emakume izate egoera hori, horixe bera dela, egoera bat,  eta ez, berezko izaera bat; gizaki emeei izanarazten zaien hori delako emakume izatea”, azaltzen du Arraratsek pentsalariaren ondorioak laburbilduz. Eta hori hala izateko, “sistema oso bat zegoela azaleratu zuen. Patriarkatuaren tripetan sartu zen nahi gabe”.  Simone de Beauvoirren liburuaz ari denean, gure errealitateaz ere ari dela esaten du egileak: “hau irakurri eta konturatzen zara orain dela 40 urte esandakoak berriro esaten ari garela, baina kontzientziarik gabe. Horregatik da garrantzitsua euskaraz ere Bigarren sexua eskura izatea”, egungo auzietako askori heltzen omen diolako Simone de Beauvoirren klasikoak.

Saiakerari hedapena emateko asmoz, gainera, Bigarren sexua(z). Collage film laburra osatu dute Iratxe Fresneda eta Nora Alberdi zinegileek. Horretarako, hainbat elkarrizketa egin dituzte: Amaia Lasa, Jule Goikoetxea, Jenofa Berhokoirigoin…, horien hitzak uztartzeko gero pentsalari frantsesarenarekin. Filma Durangoko Azokan estreinatuko da, abenduaren 6an, ostiralean, 19:30ean.

Azpian duzue  ikus-entzunezko lan interesgarri bezain sakonaren teaserra. Eta informazio gehiagorako joan, jakin.eus webgunera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button