BERTSOTAN

“Bardoak” Nafarroako taldekako bertso ekimena

Orain dela bi urte Nafarroako Bertsozale Elkarteak lehen aldiz antolatu zuen Bardoak taldekako txapelketa, Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ez den urteetan egiteko asmoz.  
Bada, ostiralean martxan jarriko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren bigarren edizioa. Helburu berdinekin dator bigarrena: bertsolaritza beste modu batera landu, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu, bertsolaritza gune berrietara zabaldu eta horretaz gozatzeko aukera berritzailea eskaini.

Apirilaren 12an Lesakan jokatuko den finala heldu bitartean, 16 taldek hartuko dute parte, 23 saio jokatuko dira guztira, eta horretarako 110 parte-hartzaile eta 60 bertsolari bilduko dira. 2012an bezala, talde lana izango da ekimenaren oinarria eta gutxienez bost kidez osatuko da talde bakoitza: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria.

16 taldeak bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehen faseari. Bigarren fasea berriz, sei taldek jokatuko dute eta finala hirukoa izango da. Saioak elkarteetan egingo dira eta kasu gehienetan bazkari, merendu, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dira.
Bardoen finala apirilaren 12an jokatuko da Lesakako frontoian.

Bardoak 2014ko informazio osoa eta eguneratuta www.bertsozale.com  webgunearen barruan sortu den atalean egongo da.

Otsailaren 7an, lau saio jokatuko dira: Lesakako Linddurrenborda sagardotegian bertso saioa, Zubietako estalpean bertso-merendua, Erratzuko Zubipunta ostatuan bertso-merendua eta Arbizuko Argibide elkartean bertso saioa. Larunbatean, berriz, beste bi saio: Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean bertso-merendua eta Txantreako Auzotegi Kultur Etxean bertso-merendua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button