MUSIKA

The Romanticos blues taldeak diskoa argitaratu du

Iker Pirisek (abeslaria eta gitarra jotzailea), Xabier Barrenetxeak (baxu jotzailea) eta Hilario Rodeirok (bateria jotzailea) osatzen dute The Romanticos taldea. Hirukoteak My Time izeneko lana argitaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntzarekin.

Diskoak blues elektrikoan bustitako hamaika kantu biltzen ditu, tartean, The Meters, Albert Collins edo Nico Wayne Toussaint artista beltzen moldaketak.  Bertsio horiei erreparatuz, grabazioak blues doinuak baino gehiago biltzen dituela baiezta daiteke. Esate baterako,  The Metersen Life Wire kantua New Orleans hiriko funk pieza instrumental sendoa da.

Taldea Iker Piris gitarra jotzailearen egitasmoa da, izan ere, bera da doinuen konpositore nagusia. “My Time nire ahotsa da. My Time The Romanticosekin eta bluesearen bidez partekatutako entzunaldiak, musika esperientziak eta bizipenak dira”, dio Pirisek diskoaren azalean.

Diskoa 2012. urteko urtarrilean grabatu dute Pottoko estudioan Fredi Palaez teknikariaren laguntzarekin. Nahasketaz eta masterizazioaz Palaez eta Piris bera arduratu dira. Grabazioan, gainera, Paul San Martin (Stay Blues) musikariak ere parte hartu du pianoarekin, besteak beste, Jimmy Rodgersen kantua den That’s all Right moldaketan.

Hirukoteak hainbat kontzertu egin ditu azken hiru urteetan. Azkena, hain zuzen ere, iragan asteburuan burutu zen Getxo&Blues jaialdian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button