IKUS-ENTZUN

“Intruders” filmak inauguratuko du Donostiako Zinemaldia

Juan Carlos Fresnadillok (Tenerife, 1967) zuzenduriko Intruders filmarekin hasiko da 59. Donostiako Zinemaldia. Jaialdia irailaren 16tik 24ra bitartean egingo da. Filma inaugurazio galan proiektatuko dute. Kanariarrak Intacto eta 28 Weeks Later lanak zuzendu ditu orain arte.

Intruders thriller fantastikoa da eta nazioarteko aktore-zerrenda zabalak parte hartzen du, besteak beste, Elive Owen, Carice van Houten eta Daniel Brühl aktoreek. Filmaren gidoia Nicolas Casariegok idatzi du. Casarigok Nadal literatur sarian finalista izan zen Cazadores de luz eleberriarekin.

Filmak bi familien istorio paraleloa kontatzen du. Bi senideen bizitzak erabat aldatuko dira mehatxuzko presentzien ondorioz. Hala, Espainian, ama batek bere semearen bizitza babestu beharko du aurpegirik gabeko ezezagun baten erasoak jasaten ari baitira. Era berean, Ingalaterran, neskato batek amesgaiztoak ditu Carahueca izeneko mamu batekin. Izaki fantastiko hori benetako mehatxu bihurtuko da.

Familia ardatz duen drama psikologikoa da Fresnadilloren filma. Zuzendariaren aburuz, “toki ilunenetatik, gure inkontzientean lurperatuta dauden mamuetatik sortzen den unibertso bisualarengan dudan maitasuna aldarrikatzen du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button