IKUS-ENTZUN

“The End”, munduaren amaierari buruzko zikloa

Bigarren urtez antolatu dute Donostian aire libreko emanaldiz osaturiko Udako Zinemaldia, Cristina Enea Fundazioak udarako duen THE END (natura eta profeziak) erakusketa-proposamenarekin bat eginez. Hala, gaur hasi, ekainak 22, eta uztailaren 13a bitarte, hondamendiak eta gure planetako bizitzaren suntsiketa ardatz duten garai guztietako lau film klasiko ikusi ahalko dira.

Hala, gaur bertan Gordon Douglas zinegile estatubatuarrak 1954an estreinaturiko Them filma proiektatuko dute 22:30an Cristina Enea parkean. 50eko hamarkadan AEBetan eztanda egin zuen B Saileko zientzia fikzioaren klasikoa dugu Douglasen film hau. Izan ere, bertan zientzialari eta militarrek mutaturiko inurri erraldoien inbasioa kontatzen da.

Hurrengo hitzordu ekainaren 29an izango da. Egun horretan James Cameron zuzendari estatubatuarrak zuzenduriko Terminator (1984) film ezaguna ikusi ahalko da. Kasu honetan, filmak jorratuko duen gaia mehatxu zibernetikoa izango da.

Uztailaren 6an, berriz, 50eko hamarkadako Sci-Fi generoaren baitan dagoen beste film bat izango da ikusgai: The Incredible Shrinking Man (Jack Arnold, 1957). Froga nuklear baten ondorioz etengabe txikituko den gizonaren istorio itogarri horren ondoren, Stanley Kubrick zinegile ezagunak zuzenduriko Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb (1964) filmaren txanda iritsiko da uztailaren 13an. Peter Sellers aktore nagusi duen film horrek ere mehatxu nuklearra du aztergai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button