MUSIKA

The Allnighters soul eta blues bandak disko berria aurkeztuko du Gasteizen

Hamabost urte eta gero, Euskal Herrian eratutako rhythm and blues eta soul talde onenak lan berria argitaratu du oraintsu: Everything is changing (Gaztelupeko Hotsak). Bada, musikari gasteiztarrak haien hiriko Hell Dorado aretoan izango dira ostiralean, Los Misterios surf taldearekin batera, 22:00etatik aurrera.

The Allnighters gasteiztarrek erritmo beltz dotoreekin apaindutako zortzi kantu bildu dituzte grabazio berri horretan: sei kantu berri, bi bertsio eta haien lehenengo diskoan argitaratutako Midnight boogie klasikoaren moldaketa. “Soinutik aldentzen saiatu gara, kantuak azpimarratzeko”, esan zuten taldekideek urrian eginiko aurkezpen-ekitaldian.

Kantu horien harira, diskoari izenburua ematen dion doinua rhythm and blues elegantea da, melodikoa osoa; Gipsy Woman kantuan, Louisianako blues zingiratsuaren eraginak nabaritzen dira; Dr. Feelgood-en My Buddy duddy friends funk dantzagarrian bustita dator eta I’m gonna miss you soul aienea da, hunkigarria.  Aipatzekoa da haize atalaren ekarpena. “Protagonismo handia dauka metal sekzioak, ez daude hor atzean pi-piri-pi egiten”. Halere, taldekide guztiek, bai eta diskoetxeak, egindako esfortzua da azpimarragarriena, emaitza kantu sorta bikaina baita, hala konposizio aldetik, nola soinuaren aldetik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button