ESZENA

Teloia igoko du asteburuan, Alegria-Dulantziko Antzerki Amateurraren Jaialdiak

Alegria-Dulantziko Antzerki Amateurraren Jaialdiaren aurtengo edizioaren teloia bihar bertan, azaroaren 1ean igoko da Alacantetik datorren Teatro En Construcción konpainiaren Huanita antzezlanarekin, Txema Blasco Auditorioan, arratsaldeko 19:30ean.

13.edizioari hasiera emateko lan horrek artearen, komediaren, absurdoaren, antzerkiaren eta dramaren artean murgiltzera gonbidatuko du ikuslea. II. Mundu Gerraren osteko garaietan girotutako lanak, Giuseppe Sonsak protagonistak Italia utzi eta Hego Amerikara hastapen berri baten bila joateko erabakia hartzen dueneko istorioa kontatzen du. Baina… “abiatu aurretik, emazteak haurdun dagoela jakinarazi dio, bai eta eskatu ere berarekin eramateko Venezuela deritzon toki horretara. Hamabi urte geroago, Huanita alabari erre egin zaizkio bere lehen espagetiak, eta, horren ondorioz, lehendabiziko familia-istiluak piztu dira”. Familiaz, erruaz, seme-alaben hezkuntzaz eta norberaren buruaren aurkikuntzaz hausnarketa egitera bultzatuko du ikuslea.

Azaroaren 23ra arte luzatuko den jaialdiak estatu osoko 9 konpainiaz osatu du egitaraua eta orotariko proposamenak eszenaratuko dira datozen egunotan. Hala, azaroaren 2an, larunbatean, Atakados Teatro Leioako konpainiaren txanda izango da eta Hoy milagro gaztelaniazko lan barregarria aurkeztuko du. Bertan, Andre Mariaren eta Unbeko Amaren agerpenen norgehiagoka proposamen zoroa taularatuko du talde bizkaitarrak, ordu eta leku berean.

Eta asteburuko proposamenei gehituko zaio igandeko lana: Baile De Huesos, Donostiatik Teatro Estudio konpainia. Herioaren zain dauden lau pertsonaiak,… bizitzaren edertasuna goresten du obrak,… bizitzea zein ederra den.  “Bizitzari kantu bat da, edo norbaitek esan zuen  moduan, zenbaketa bat da: zenbat arrazoi dauden bizitzeko, halabeharrezko azken bidaiaren aiduru gauden bitartean”, argitzen dute artistek.

Denetariko obrak eta generoak, beraz, azaroaren 23ra bitarte Alegria-Dulantziko Antzerki Amateurraren Jaialdian, “ikusle zabalari atsegin handia emateko xedez”, azaltzen dute antolatzaileek. “Ez gara superstiziosoak. Horregatik, aurten ere ilusio handiz hartuko dugu Amateur Antzerki Jaialdiaren edizio berria, 13.a bada ere. Hau baita gure udalerriko hitzordu kulturalik garrantzitsuenetako eta erreferente argi bat antzerkizale ororentzat”, gaineratu dute.

Egitarauari buruzko informazio guztia, teatroamateur.com webgunean duzu

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button