ESZENA

Tartean Teatroaren “Simplicissimus” lana, Iruñean ikusgai

Igandean, otsailak 9, Iruñeko Gayarre Antzokian Tartean Teatroak Simplicissimus umorezko kabareta aurkeztuko du 19:00etan hasita. Dramaturgiaren egilea Patxo Telleria izan da, eta  obraren zuzendaritza Jokin Oregik eta Patxo Telleriak partekatu dute. Obran parte hartzen duten aktoreak Patxo Telleria, Olatz Ganboa eta Getari Etxegarai dira. Gainera, Adrian Garcia de los Ojos musikari eta aktorearen lanetan ibiliko da.

Simplicissimus umorezko kabareta da, umorearen mugak aztertzen dituena. Oraingo honetan, Patxo Telleriak Alemaniara eroango du ikuslea, Nazien garaiko adierazpen askatasuna zertan zen, eta horren gainen hausnartzeko xedez. “Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniar nobela pikareskoaren izenburua da, non Hogeitamar Urtetako Gerra-ren izugarrikeriak kontatzen diren umore klabean. Gerrarteko Cabaret baten izena ere izan zen. Lan honen muina, gerrarteko hiru alemaniar komikoen bizitza ikaragarri eta ederra dira: Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink. Hiru komiko hauen historia Nazien terrore eta kontzentrazio esparruekin estuki loturik dago. Baina ez dugu naziei buruzko istorio bat kontatu nahi, ez eta kontzentrazio esparruei, ez eta juduen arazoari buruzkoa. (…) Ez ditugu gertaerak kontatu nahi iraganeko pasadizoa bailiran, berriro gertatu daitekeen zerbait bezala baizik”.

Europako gerrateko garaian kabareta egin zuten pertsonaia batzuk hartu dira hizpide, modu horretan, haien lana askatasun osoz egin nahi izateagatik jazarpena sufritu eta sufritzen duten komikoei omenaldi bat egiteko. Oholtza gainean fribolitatea, satira, drama eta tragediaren bidez umore politikoa zer den, eta bere mugak zeintzuk diren aztertu nahi izan du egile euskaldunak. Kabaret honetako zenbait pertsonaiak emakumezko antzezleek gorpuztuko dituzte, tratamendu historizistatik edota dokumentalistatik urrundu nahi dutela azpimarratzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button