MUSIKA

Sustrai herrikoiak dituen musika ardatz, KulturAiren

Azaroaren 8 eta 9an, Portugal, Galizia, Korsika eta Euskal Herriko kulturak protagonista izango dira KulturAire jaialdian. Maria Emilia, Xosé Manuel Budiño, A Filetta eta Ortzi Otxotea taldeei esker fadoa, folka, abesbatza-musika eta musika polifonikoa entzun ahalko da Bilboko EHU-ko Bizkaia Aretoan.

Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Kulturaire ekitaldiaren bigarren edizioa abiatuko da bihar. Ekimenaren helburua da “elkartrukea bultzatu eta sustatzea sustrai herrikoiak dituen euskal kultura garaikidearen eta adierazmolde garaikideetarantz eboluzionatu duten beste kultura herrikoi batzuen artean”.

Esan bezala, KulturAire ekimenaren edizio honetan, Portugal, Galizia, Korsika eta Euskal Herriko kulturak izango dira protagonista bi kontzerturekin. Maria Emilia, Xosé Manuel Budiño, A Filetta eta Ortzi Otxotea azaroaren 8 eta 9an arituko dira Bizkaia Aretoan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Maria Emiliak “berebiziko erraztasuna du fado bat zeharo klasiko eta aldi berean berri bihurtzeko, estilo propioa duelarik bertsoak silabatan ahoskatzeko eta melodia modulatzeko”. Budiño artista atipikoa da, eta oso goraipatua izan da mundu osoko kritikari espezializatuen artean bere sorkuntza eta zuzeneko emanaldiengatik, eta sari ospetsuak jaso ditu. Musika tradizional galegoaren esparruan urtetan lan egin du.
Ortzi Otxotea zortzi kantariz osatua da eta mundu osoko eta estilo guztietako ahozko piezak (jazza, soinu bandak…) kantatzen dituzte.
A Filetta ensemble polifonikoa kantu korsikarreko talde garrantzitsuenetako bat da. 1978an sortua, bere helburu nagusia da uharteko ahozko ondarea kontserbatzen laguntzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button