MUSIKA

Surfaren kultura, natura eta musikaren eskutik dator, Sopelara

Sopela Kosta Fest  jaialdiaren edizio berria, bihar hasi eta igandera bitarte, makina bat jardueraz eta kontzertuz beteta dator Bizkaiko kostaldeko herri horretara.

Jaialdiaren seigarren ekitaldiko kontzertuen kartel-buruak Hesian taldea eta El Canijo de Jerez artistak izango dira. Hesian talde nafarrak ostiralean, irailaren 20an, eskainiko du bere azken diskoaren errepertorioa, bai eta gazteenen artean hain ezagunak diren beste hamaika abesti ere. Egun horretan ere, Mississippi Queen and the Wet Dogs taldearen soul doinuak, Natali donostiarraren pop melodiak, eta Tachenko zaragozarren indie-pop musikak hartuko dute agertokia.

Larunbatean, irailaren 21ean, El Canijo de Jerez izango da kartel-burua, hamabi urtez Los Delinqüentes flamenko-pop taldearen buru izan den Marcos del Ojo Barrosoren pertsonaia. Alex Diez, Cooper, Nøgen donostiarrak, Larry Bird laukotea, eta Lukiek taldeak arituko dira bigarren egun horretan ere. Musikako bi hitzordu nagusiak, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Udaletxeko Plazan izango dira.

Ohikoa den bezala, Sopela Kosta Festen naturarekin eta surfaren, bodyboardaren, kayak-surfaren edo skatearen kulturarekin zerikusia duten ehunka jarduera eskainiko dira, eta denak musu-truk. Horrez gain, euskal zirkuituko hainbat ekimen eta lehiaketa esanguratsu egingo dira, eta tartean, Skate Masterclassa,  txapelduna eta skater profesionala den  Silvia Serreten  eskutik. Ikastaroa,  zortzi urtetik aurrerako emakumeei zuzendutakoa da.

Zinemak ere izango du lekurik. Hala, bihar, SKF jaialdiari hasiera emateko, makina bat film pantailaratuko dituzte. Esaterako, La ola sin fronteras, One shot, eta A land shaped by women. Hitzordua, 20:30ean izango da, Udaletxeko Plazan.

Gainera, euskal kostaldeko surfaren historiari buruzko argazki erakusketa bat ere zabalduko da. Aitzindarien irudiak, olatu onenak, olatu handietako surfa, euskal surfaren artea,….

Egunez eguneko egitaraua eta izen emateak, Sopela Kosta Fest  web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button