MUSIKA

Supersweet-ek The Who-ren “Tommy” moldatuko du

Donostiako Supersweet bandak The Who mitikoen Tommy rock-opera klasikoa moldatuko du urtarrilaren 18an Bilboko Campos Antzokiko Cupula aretoan. Emanaldia Izar&Star zikloaren baitan dago. Ziklo horretan talde batek bere artista edo disko kutuna hartu eta zuzenean moldatzen du. Esate baterako, iragan abenduan We Are Standard taldeak The Clash-en doinuak jo zituzten zuzenean Bilboko Kafe Antzokian.

Supersweet  Chico Boom taldearen jarraipena da. Bertan, Surfin’ Kaos edo Señor No taldeetan arituriko musikariek jotzen dute. Egun taldea Alvaro T.-k (teklatuak eta koruak), Andoni Etxebeste (bateria eta koruak) eta Imnaol G.A.-k (gitarra eta ahots nagusi) osatzen dute. Hirukoteak 60ko eta 70eko hamarkadetako pop eta rock klasikoa jorratzen du, psikodelia zantzuak ere antzematen direlarik. The Hereafter donostiarren lehendabiziko grabazioa da.

The Who inglesen Tommy diskoa, berriz, 1969an argitaratu zen, eta sei urte geroago Kent Rusell zuzendariak zine aretoetan estreinatu zuen. Filmean Jack Nicholson, Oliver Reed eta Ann Margret aktoreek parte hartu zuten, bai eta Elton John, Tina Turner eta Eric Clapton musikariek ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button