MUSIKA

The Stems australiarrek 30. urteurrena ospatuko dute Gasteizen eta Donostian

Australiako garage-rock eta power-pop estiloen ordezkari nagusienetakoa da The Stems. Bi estilo horietan  bustitako kantu sorta bikaina biltzen duen australiarren estreinako lanak, At First Sight Violets are Blue, 30. urte bete ditu. Hori dela eta, bira egiten ari dira Europan barrena. Hala, gaur eta bihar, Gasteizko EHU Campusean eta Donostiako Kutxa Kultur Klubean izango dira.

Perth hirian eratu zen The Stems, eta 1984an lehenengo kontzertua egin zuen The Triffids eta The Saints taldeekin batera. Hiru urte geroago, 1987, At First Sight Violets are Blue (Mushroom Records) lan azpimarragarria plazaratu zuen. Disko horri esker, taldea oso ezaguna egin zen, hala Australian nola atzerrian. 1993an, Rolling Stones aldizkariak historiako 100 disko onen artean kokatu zuen. Urrezko disko izatera iritsi zen Australian, eta gaur egun ere asko saltzen den diskoa da; 30. urteurrenaren harira, berrargitarapen berezi bat egin dute.

Halere, taldea desagertu egin zen 1987an, disko esanguratsu hori Europan aurkezten ari zirela. 1997an, baina, kontzertu berezi bat egin zuten Perthen, eta 2003tik aurrera, gehiago jotzen hasi ziren. Hala, 2007an, Heads Up (Shock Records) izenburuko diskoa berria kaleratu zuten.

Euskal Herriko kontzertuan Dom Mariani, Julian Matthews eta Dave Shaw jatorrizko taldekideak arituko dira oholtzan, Ashley Naylor (Even/ Paul Kelly) eta Davey Lane (You Am I) musikariekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button