MUSIKA

Staer eta Horacio Pollard taldeek Euskal Herrian joko dute

Gure Hitzak promotoreak jakinarazi duenez, Norvegiako Staer taldeak eta Horacio Pollard ingeles-argentinarrak hiru kontzertu egingo dituzte elkarrekin Euskal Herrian: otsailaren 27an, Azkoitiko Matadeixen izango dira; martxoaren 4an, Erandioko Sentinel tabernan; eta, amaitzeko, martxoaren 5ean, Getariako gaztetxean.

Staer hirukote norvegiarrek 2010ean egin zuten euren lehendabiziko kontzertua, eta orain arte iraupen luzeko bi disko argitaratu ditu, Gaffer eta egunotan Euskal Herrian aurkeztuko duten Daughters, biak ala biak Discorporate Records diskoetxeak argitaratu ditu.
Taldearen jarioa abangoardiako rock zaratatsua da, eta promotorearen arabera, Noxagt, MoHa! eta Ultralyd undergroundeko taldeekin soinuarekin lotu daiteke. Bere estiloko eta neurriko makina bat jaialditan parte hartu dute.

Horacio Pollard ingeles-argentinarra ere antzeko esparruan aritzen da, alegia, zarataren eta esperimentazioaren arteko muga lausoan. Hedabide espezializatuen arabera, jenio zaratatsua da Pollard; hala, bere emanaldietan errepikapen hipnotikoak, ehundura zaratatsuak, oihartzun burrunbatsuak eta ahots distortsionatuak uztartzen ditu.

Esperimentazio musikala eta noise kriminala maite duten zaleentzat ezinbesteko hitzordua da Gure Hitzak promotoreak ondu duen hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button