MUSIKA

The Souljazz Orchestra, Morgan, Travellin´ Brothers eta Enekora, Elorrioko Musikaire jaialdian

Elorrion egin ohi den Musikaire jaialdia Euskal Herriko musika-ekimen interesgarrienetarikoa da, izan ere, askotariko musikak biltzen ditu. “Musikaire da ezohiko jaialdi bat; eta bere programa, mazedonia moduko bat da. Mazedonia honetan nahasten dira osagai oso ezberdinak, beti erakargarriak eta kalitatezkoak; nahasten dira baita arte motak eta jatorriak ere”.

Bada, aurten, besteak beste, Kanadako The Souljazz Orchestra, Madrilgo Morgan pop rock taldeak eta Euskal Herriko Travellin´ Brothers blues taldeak eta Enekora folk bandak joko dute. Jaialdia ostiralean hasiko da, uztailak 6, eta 27ra arte iraungo du.

Asteburua hitzordu interesgarriekin jantzita dator. Hala, ostiralean, Juan Ortiz Tokyo Quartet (Euskal Herria eta Japonia) taldeak joko du. “Talentu handiko jazz-pianista da (Juan Ortiz), eta oso konpositore originala. Juan Ortiz XXI. mendeko musikaria da, sortzaile moldakorra; berarentzat, desberdina den oro alderdi guztietatik ezagutzeko, barneratzeko eta bere nortasunean txertatzeko besterik ez da”.

Larunbatean, Morgan talde madrildarraren txanda izango da. “Taldearen estiloa pop intimistaren eta soularen artean dago, eta, Ipar Amerikako rocka oinarri, hainbat genero eskaintzen ditu: soula, R&B, funka, folka…”.

Igandean, azkenik, Kataluniako Borja Ytuquepintas taldeak Sueños de arena diziplina anitzeko ikuskizuna taularatuko du. Hiru ikuskizunak Lariz jauregian egingo dira, 22:30etik aurrera.

Azpimarratzekoa da uztailaren 21ean Kanadako The Souljazz Orchestra-k plazan emango duen kontzertua. Seikoteak afrobeat, soul, jazz eta antzeko estilo bero eta dantzagarriak jorratzen ditu. “The Souljazz Orchestra-ren zuzeneko berriak taldearen mugak esploratzen jarraitzen du, aurrenekoz baliatuz vintage sintetizadoreak eta 80ko erritmo-kutxak, eta haize-instrumentuen moldaketei eta soinu terrosoari taldearen bereizgarriari, lo-fi, boogie eta elektro disko-ukituak erantsita. Konbinazio horren emaitzak mamitsuak dira, eta taldearen soinua ezin hobea da ikuskizunaren hasieratik amaierara”.

Egitarau osoa hemen: musikaire.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button