ARTEA

Sormena eta artea lotuta, “Artearen Astean”

Bilboko Udalak Bilbao Art District-eko Arteen Astearen VI. edizioa aurkeztu du gaur berton. Aurten hamar egunez iraungo du ekimenak, eta jardueraz (arte-interbentzioak espazio publikoetan, erakusketak, topaketak eta elkarrizketak artistekin, tailerrak, hitzaldiak, performanceak edo bisita gidatuak) betetako egitaraua izango du.

Artea maiatzaren 18tik 27ra izango da protagonista Bilbao Art District-en Arteen Astea izeneko egitasmoaren barruan. Helburua “herritarrak, artistak, arte galeriak, kultur eragileak, ekoizpen zentroak, museoak, unibertsitatea, sektorearen profesionalak eta modu batean ala bestean artearen munduarekin zerikusia duen pertsona eta erakunde oro elkarrekintzan aritzeko ingurune bihurtzea” da.

Programazioan ehun jarduera ondu dira: erakusketak, topaketak eta elkarrizketak artistekin, ikusle guztientzako moduko tailerrak, denbora errealeko lan artistikoak kalean bertan, performance-ak eta arte galerietatik bisita gidatuak.

Bilbao Art Districtek ere artistak bultzatu nahi ditu eta horretarako Bilbao Ekintza erakundearen bitartez Bilboko Udalak deialdi propioa egin zuen. Guztira 47 proiektu jaso ziren eta 13 edizio honetako programazioan ageri dira. Santiago Morilla, Christian Flores, Miriam Isasi eta Histeria Kolektiboa ere hautatu dira.
Horren ondorioz, egungo artea herritarrei hurbiltzeko, espazio publikoetan sei esku-hartze eta lau performance burutuko dira, baita lantegi eta hitzaldi bana ere. Arriaga plazan, San Nicolaseko metrorako sarreran, Bizkaia Aretoan edo Juan de Garay kalean ikusiko dira ekarpen artistikoak, eta itsasadarrak protagonismo berezia hartuko du. “Itsasadarraren ibaiertzetatik hiriko esku hartze artistikoen zati handia ikusiko da, hala nola, formatu handiko argazkiak, XX. mendeko hiru europar iraultza ikuskatzen dituztenak, Marzana kaian; oholtzen gainean horma-irudiak, Bilboko gizartearen irudiak, Areatzako eta Salbeko zubietan nahiz Sendeja, Ripa eta Principe kaleetan kokatuak; edo Deustuko zubiaren etxolan instalazioa. Itsasadarrean zehar egindako ibilbideari esker, Inpaktuaren Sekuentzia lana antzemango da”.

Bisita gidatuak eta tailerrak antolatu dira  herritar guztientzat. Hala, La Taller, SC Gallery eta Ederdi galerietako erakusketak eta Casilda parkeko eskultura publikoak bisitatuko dira. Eta beste aldetik, artistekin topaketak ere programatu dira “sortzaileen eskutik zuzenean proposamen artistiko berriak ezagutzeko”. Amaia Gracia, Juanma Reyes, Martín Carral, Joo Eun Bae, Khalid El Bekay, Nagore Amenabarro, Raisa Álava, Anna Taratiel edo Esther Gatón artistek hartuko dute parte.

Bilbao Art District-en Arteen Astea ekimenaren hitzordu guztiak, hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu