Nontzeberri

Sorkuntzako egonaldien emaitzak, Azkuna Zentroan ikusgai

Azkuna Zentroak bideraturiko Dantzaz ekimenarekin bat eginez, eta Atalak 2.0 programaren edizio berriaren barruan, asteazkenean, 19:30etik aurrera, Matxalen Bilbaok eta Eneko Alkarazek izandako sorkuntzako egonaldien emaitzak aurkeztuko dituzte.

Matxalen Bilbaok Amarrak aurkeztuko du eta Eneko Alcarazek Bero gabe izeneko pieza. Lehenak, “hauskortasuna eta indarra, segurtasuna eta zaurgarritasuna, intimitatea eta ausardia eskaintzen dizkio ikusleari. Bere koreografian, norbanakoaren eta taldearen arteko harremana lantzen du, bai eta elkartzeko eta ez elkartzeko logikak ere”.

Beste aldetik, Eneko Alcarazek Bero gabe lanean hausnarketa egiten du “amorruaz, bakardadeaz, mugez eta basakeriaz, koreografiako erregistro desberdinetatik abiatuta, dantza garaikidea zein akrobazia eta partnering-a bateratuz”.

Atalak 2.0 dantza garaikideari buruzko bilaketa, saiakera eta ikerketako espazio bat da, Akitania-Euskadi-Nafarroak eratzen duten Europako eskualdekoa. Proiektu hau batera bultzatu dute Dantzaz, Donostia Kultura, CCN Malandain-Ballet Biarritz, Tabakalera, Dantzagunea, Azkuna Zentroa eta Baluarte Fundazioak.

Exit mobile version