ESZENA

Sopelako “Euskararen Asteak” euskarazko proposamen ugari antolatu ditu

Egitarau zabala atondu dute Sopelan abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Astearen harira, eta datorren larunbatean bertan hasiko dira aurtengo egitarauak jasoko dituen ia 20 jarduerak.

Guztiak abenduaren 5era arte garatuko dira Kurtzio Kultur Etxean zein udalerriko kale, plaza eta herriko eskoletan ere. Izan ere, Ander Deuna, Iberre eta Zipiriñeko ikasleentzako jarduera bereziak antolatu dira abenduaren 2tik 5era.

Hala, ostiralean, azaroaren 29an abiatuko da egitaraua Xabi Aburruzagaren musika proposamenarekin. Aburruzaga trikitilari eta konpositorea  iluntzeko 20:00etatik aurrera izango da Kurtzio Kultur Etxean bere azken lan berria aurkezten: Bost. Musika proposamen honek, euskal trikitiaren soinu klasikoa oinarri badu ere, zerbait berritzaileago eta ausartagoa dakar oraingoan, tradizioa eta modernitatea uztartuz.

Eta larunbatean, aldiz, antzerki proposamena dakar egitarauak, ArteDrama, Axut! eta Dejabu konpainien artean  bideraturiko antzerki proiektu berria:  Zaldi Urdina antzezlana, hain zuzen. Oso kritika onak izaten ari den antzezlan honek, drogak, gazteen ametsak, indar poliziala eta interes ekonomiko ilunak uztatzen ditu, 1980ko hamarkadako giroa irudikatu nahian. Izan ere Euskal Herrian nahikoa da zaldia esatea heroina eta 1980ko hamarkada burura etortzeko:  “gazteria eta rock musika batzuei; hiesa eta heriotza beste askori, edota gatazka politikoa eta botereen esku beltza hainbat eta hainbati”, azaldu dute artistek.  Ximun Fuchsek zuzendutako Zaldi urdina obra Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi dute, eta Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobidek osatzen dute artista taldea. Hitzordua, larunbatean, Kurtzio Kultur Etxean, 20:00etan.

Eta igande arratsalderako ere bada proposamenik: Ez da kasualitatea, bertso saio musikatua.  Bertan Miren Amuriza, Malen Amenabar, Nerea Ibalzabal eta Jone Uria arituko dira buruz buru, Maite Berrozabal gai jartzailearen aginduetara.

Esan beharrik ez beraz, Sopelako Euskararen Asterako prestatu den egitarauak adin eta gustu guztientzako hitzorduak jasotzen dituela, eta ekitaldi musikalak, antzerkia edota bertso saioak ez ezik, ipuin musikatuak, tailerrak, txokolatadak eta Mintzodromoa ere ondu dituzte, datorren aste osorako ere askotariko jarduerak proposatuz.  Adi beraz zuen agendetara!

Informazio gehiagorako, zoaz Sopelako udalaren webgunera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button