MUSIKA

Sonakay, Iker Lauroba, Anne Etchegoyen, Olatz Salvador, Xabi Bandini… “Udagoieneko Osterak” ekimenean

Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Osterak  kultur zirkuitua antolatu du, Bizkaiko zenbait herritan punta-puntako euskal sortzaileak oholtza gainean jarriko dituen kultur ekimena.

Zirkuituaren XX. edizioa da aurtengoa, eta aurten bereziki, jatorri ezberdineko euskarazko sortzaileak ez ezik, lurralde eta estilo anitzeko uzta zabalduko duten sortzaileak ere izango dira protagonistak.

Hala, emakume eta gizonezkoen aukera berdintasunean oinarrituz, zuzeneko sei ikuskizunez gozatzeko aukera izango da datorren urriaren 26tik azaroaren 28ra bitarte Berrizen, Bilbon, Getxon eta Plentzian.

Euskal kulturaren harrobietatik sortutako musikaz beteriko egitarau oparoaren baitan, datorren larunbatean, urriaren 26an, Sonakay, flamenkoa eta euskal musika uztartzen dituen taldeak, eta Anne Etchegoyen iparraldeko musikariak emango diote hasiera egitarauari, batak Bilbon, eta besteak Berrizen.

Sonakay taldearen kasuan, Bilboko BBK aretoan eskainiko du kontzertua, Iker Laurobarekin batera. Erro euskaldunak eta ijitoak dituen jatorri euskalduneko flamenko-elkartea da talde hau, 2015tik euskal musika estilo berri bat patentatu dutenak, alegia, benetako flamenkoa eta euskal historiako altxor ederren bertsioak fusionatzen dituena.

Eta Anne Etchegoyenek, aldiz, Berrizko Kultur Etxean eskainiko du kontzertua. Biak ala biak arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Iparraldeko kantariak euskal gizartean emakumeak hartzen duen eta beti hartu izan duen leku nabarmena aldarrikatzen du. Beti entzun izan dugu etxekoandre, etxea kudeatzen duenari erreferentzia eginez, ama eta emaztea izateaz gain. “Aitzitik, irudi hori zertxobait murrizgarria da, emakume euskaldunaren patua beti hartu izan baita ikaragarritzat: abenturazaleak, grinatsuak, gogorrak, artistak, amorante maitekorrak, amak”, aldarrikatzen du kantariak.

Azaroan zehar beste lau ikuskizun gehiago antolatu dira Plentzian, Getxon, eta azkena, Bilboko Kafe Antzokian. Hala, Agur eta Dolore taldeak Plentzian emango du bere kontzertua (azaroak 9an); Huntzaren emanaldia izango dugu Getxon (azaroak 15). Eta azaroaren 28an, emanaldi bikoitza Bilboko Kafe Antzokian:  Olatz Salvador eta Xabi Bandiniren kontzertua. Zintzilik lanaren aurkezpen bira ari da egiten Salvador, eta bira honen amaiera kontzertua eskainiko du  beti bezain berezi eta intimo izango den emanaldian. Eta Xabi Bandinik eta bere taldeak ere lan berria aurkeztuko du, energiaz beteriko elektro-pop zuzena, Pello Reparazek (DeepSoda) produzitua. Bere abestiek 90. hamarkadako rocka soinu sintetikoekin nahasten dute. Bandinik eta Alberto Isabak sintetizadorez eta erritmo indartsuz beteriko abestiak ekarriko dituzte agertokira, beti bezala, maitasunaren eta itxaropenaren himno txikiak.

Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin ondu du ekimen hau. Baina askotarikoak dira Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen dituen egitasmoak eta ezaugarri bat partekatzen dute: euskara. Hartara, euskararen erabileraren sustapena du ardatz.

Kontzertuen sarrerak eskuratzeko eta informazio gehiagorako, topagunea.eus web atarira joan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu