LITERATURA

“Munduan barna (Herriak, ipuinak eta giza eskubideak)” liburuak argia ikusi du

TZ Testu Zaharrak proiektuak garai batean hemengo nahiz kanpoko literaturan gaina hartu zuten liburuak argitaratzea du helburu, haietan bilduak dauden balioak nabarmendu nahian, balio horiek, hein handi batean, giza eskubideei loturikoak izanik.

Hain zuzen ere, oraingo honetan zuzenean heldu nahi izan diote giza eskubideei, aurtengo abenduaren 10ean 75 urte bete baitira Parisen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sinatu zela. Efemeride horren karietara, Xabier Monasteriok idatzitako Munduan barna (Herriak, ipuinak eta giza eskubideak) liburua eman dute argitara.

Aldarrikapenaren 14 atal hautaturik, atal horien edukia jatorrizko beste horrenbeste herriren ipuinetan biltzen diren balioekin alderatu ditu egileak, handik, iritzi artikuluen bitartez, giza eskubideen egungo egoera aztertzeko eta haien premia aldarrikatzeko.

“Bigarren Mundu Gerraren hondamendia ikusirik, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak gizatasuna eta duintasuna itzuli nahi izan zizkion gizakiari. Balio horiek eta beste asko beti egon dira jatorrizko herrietan. Horregatik, amazigh, guarani, ijito, maori, zulu eta beste herri batzuen ipuinen harira, iritzi artikulu sakon batzuk prestatu ditugu, giza eskubideen egungo egoera aztertzeko. Izan ere, bere artikuluek diotena gehienetan betetzen ez bada ere, Aldarrikapenak lehen bezain beharrezkoa izaten jarraitzen du.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button